Zubietako erraustegia

Lan-hitzarmen duinaren aldeko borrokak etenik ez erraustegiko langileentzat

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 8a

Usurbilgo jaien atarian egin zuten, momentuz, udako etenaldiaren aurreko azken mobilizazioa Zubietako erraustegiko langileek Donostiako Gipuzkoa plazan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian hain zuzen.

Haien borrokak ez du etenik, gaurkoz lan-gatazka konpontzerik izan ez duten seinale. Zubietako erraustegiko langileek lan-hitzarmen duina izateko borrokan segitzen dute. Albiste honi atxikitako irudiak, Usurbilgo jaiak hastear ziren egunekoak dituzue, hilaren 30ekoak. Udaberrian zehar, beste hainbatetan egin bezala, lanuztea egin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian mobilizatu ziren, Donostiako Gipuzkoa plazan hain zuzen.

Ekaina hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza batekin bildu arren, ez zuten konpontzerik izan. Zubietako erraustegiko langileek haien lantokiko ezaugarri zehatzak jasoko dituen lan-hitzarmen duinaren aldeko borrokan segitzen dute. Ondorioz, Foru Aldundiaren egoitza atarian mobilizatu ziren berriz, ekainaren 30ean. Momentuz, uda aurreko azken mobilizazioa izan zuten. Besteak beste, haien osasuna bermatzea galdegiten ari dira.

Beste behin, "Ekobal erraustegian langileok borrokan!" direla gogorarazi nahi izan zieten foru ordezkariei, erakunde horren egoitzara begira eginiko protestan zehar.

Urte hasieratik egiten ari diren moduan, "gure osasuna bermatu!", oihukatu zuten sarritan, lan-baldintza duinak behin eta berriz galdegitearekin batera, alarma hotsen artean. Benetako toxikotasuna ez dietela aitortzen salatu zuten. Langileen batzordeak bizi duten egoeraren erantzuletzat jotzen dute erraustegia kudeaturiko enpresak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia.


“Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak"
Gogoan izan, “urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren” lan-baldintza duinen aldeko borrokan segitzen dute langileok, LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, “Ekobal eta Ekondakin enpresek langileen lan-baldintzak arautu eta hobetu beharko dituen enpresa-hitzarmen baterantz aurrerapausoak emateko borondaterik ez dutela jakinda eta GHKren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren etengabeko arduragabekeria ikusita”.

Beste behin, gogora ekarri zutenez, “Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda-sistema, ez eta mantentze-sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten-zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa”.

Horregatik hain zuzen, “Zubietako erraustegiko langileek lan-baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat adostu nahi dute”.

Enpresa sare baten erdian dira langileok. “Ekondakin kontrata publikoaren enpresa emakidaduna da eta honek, aldi berean, Ekobal azpikontratatzen du erraustegian lan egiteko, Gipuzkoako Bide Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak babestutako 70 langilerekin. Bi enpresak aldi baterako enpresa-elkarteak dira, Urbaser enpresa erraldoiaren partaidetzarekin bietan: % 46 lehenengoan eta % 79 bigarrenean”.

Urte hasieratik mobilizatzen
Maiatzeko hiru astearteetan eta bi astearte goizetan mobilizatu ziren apirilean, hilaren 14an eta 21ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitza atarian. Aurretik, urte hasieraz geroztik mobilizazio gehiago egin zituzten baita Zubietako lantoki atarian, nahiz handik Bugatiko gasolindegiraino manifestazioak.

Hasieratik, enpresen borondate falta salatu izan dute langileok aldarrikatzen ari diren lan-baldintza duinak negoziatzerakoan.