Zubietako kartzela

"Makroespetxeen aurka agertzen gara eta pertsonen kartzelaratzea negozio bihurtzea gaitzesten dugu"

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 10a

Salhaketa Arabako presoen aldeko elkartea ekainaren 15ean inauguraturiko Zubietako makrokartzearli buruz mintzatu da. Albiste honi atxikitako adierazpena plazaratu du asteotan gai horri buruz. Argi diote: "Makroespetxeen aurka agertzen gara, eta pertsonen kartzelaratzea negozio bihurtzea gaitzesten dugu, azpiegituren eraikuntzatik hasita, zentruen beraien kudeaketara arte. Preso dauden pertsonen deshumanizaziora bultzatzen duen eredua dela uste dugu, gatazken konponketa muturreko zigor sistema bat izatera mugatzen duena, askatasunaren guztizko pribazioan oinarritzen dena, eta gizartearentzat benetako konponketa bideetatik urrun dagoena".

Salhaketaren iritzia
Zein da Zubietako makrokartzelaren inguruan dugun iritzia?
Zubietako kartzela berria ireki den egun hauetan, hedabideetan gizartearentzat salbazioa balitz bezala, zigorra ez balitz bezala, aurkeztua izan dela ikusi ahal izan dugu, hau da, “aldenduentzat” aukera gisa aurkeztu digute makroegitura berria. Martuteneko espetxeak 150 presorentzat zuen gaitasuna, Zubietak, guztira 450 plaza dituen bitartean. Zer esan nahi du honek? Zein interes dago arlo penitentziarioaren atzean, diru publikoa horretan inbertitzeko eta ez Osasun edo Hezkuntza-
arloetan, Erregularizazio Prozesuetan edo Etxebizitza arazoaren konponketan? Ez al dira gatazken konponketarako gizabidezko alternatibak existitzen eta aztertzen ari? Gure ustez, delinkuentzia-tasa jaisteko, pertsonen bizimoduak hobetu behar dira, eta ez neurrigabe zaildu. Oinarrizko beharrak asetzeko baliabideen eskuragarritasuna bermatzea da irtenbide bakarra, garapen pertsonala modu egokian eraiki ahal izateko.

Kartzela-zigorrak bizi-kalitatea txikitzen du, askatasuna bat-batean kentzeak, bakartzea eta isolamendua dakartza, bazterkeria eta apatia indartzen dituelarik; hala ere, ez dira gutxi kartzeletan erresistitzen duten gizon eta emakumeak.

Espetxe berriaren inguruko berrietan, ikusi ahal izan dugu Eusko Jaurlaritzak eta Erakunde Penitentziarioek, luxuz beteriko lekuak bezala aurkeztu nahi dituztela kartzela hauek, harresien atzean gertatu ohi dena zuritu nahian: zigorrak, deserrotzea, aukera galera, bortxa, kontsumo arazo larriak, preso dauden pertsonentzat lan prekarioak, isolamendua, gainmedikazioa, osasun-arreta eza…hala ere, egoera hauek guztiak begi-bistan jartzen dira zorigaiztoko gertaera bakoitzaren aurrean: osasun-aurrekari larririk gabeko pertsona gazteen heriotzak, patologia duala pairatzen duten pertsona presoen suizidioak eta gaindosiak, tortura salaketak, familia edo hurbilekoek eskatutako informazioaren gardentasun falta, funtzionarien aldetik justifikatu gabeko parteak, eta tratu bortitza, eta abar. Egoera hauek salatzeko orduan aurkitzen ditugun zailtasunak argi uzten dute, horrelako titularrak ez direla jarraian azalduko ditugunen besteko errentagarriak.

Espetxe berri bakoitzaren inaugurazioan azpiegiturei buruzko diskurtsoak lotsagarriak dira: harro esaten dute 10 m2-ko ziegak daudela, espazio nahikoa balitz bezala, edo igerilekua eta polikiroldegia dutela, ireki eta egun gutxitara itxiko dutela jakingo ez bagenu bezala; integrazio eta heziketa tailerrak egongo direla, preso ororentzat eskuragarri baleude bezala, edo pantaila lisudun telebistak izango dituztela ziegetan (bestelakoak oraindik ekoiztuko balira bezala). Espetxearen inguruko mezu positibista faltsu hauek, espetxearen benetako izaera zigortzaile eta baztertzailea ezkutatzea dute helburu bakarra. Espetxe berriaren baldintza egokiak azpimarratzen dituzte, pertsona bat bere etxetik, ingurunetik, lanetik, lagunartetik baztertzeak dakarren inpaktu psikologikoa ahaztuz, eta 24 orduko zaintzapean giltzapetuta eta monitorizatuta egoteak pertsonaren autonomian eta gaitasunen garapenean duten kaltea isilpean utziz. Horrez gain, espetxe berriak hiriguneetatik at eraikitzen dituzte, gizartearen iruditegitik kanporatzeko asmoz, helburu bakar bezala zigorra betetzea dutelarik, beste inolako xederik gabe. Erakundeek gizarteratze programak martxan jartzea nahiko genuke, askatasuna kentzeak dakarren torturatik at, eta arau-hausteek gaur egun duten testuingurua aztertuz eta azalduz.

Zubietako kartzela berrira itzuliz, espetxearen kokapenak dakartzan kalteak azpimarratu nahiko genituzke. Hasteko, irisgarritasun arazoak preso eta hurbilekoentzat, leku isolatu batean egoteagatik. Horrez gain, hirigunetik at egoteak sortzen duen isolamendu sentsazio areagotua ere badago. Baztertuta egoteak, presoek egunero bizi duten egoera herritarren begi-bistatik aparte uzten du, eta espetxeen problematika eta honek gure bizitzak zeharkatzen dituen modu ezberdinak ikusezin bilakatzen ditu. Kalearekin zuten kontaktu xumea kentzen zaie, leihotik errutinak eta auzokoen bizitzak ikusteko aukera lapurtu diete. Aukera hau deusezteak preso bizi diren pertsonen osasun mentala kaltetzen dute, eta kalearen funtzionamenduarekin zuten kontaktu apurra desagertzen da: ezin dugu ahaztu, zigorra betetzean, pertsona hauek guztiz integratuta aterako direla zin egin digutela, zehazki, kontakturik izan ez duten gizarte horretan bertan integratuta aterako direla. Era berean, presoen eskubideen alde borrokatzen diren edota elkartasuna adierazten dieten elkarteekin kontaktua zaildu egiten da.

Argi daukagu makrokartzelek dakarten masifikazioak, espetxe-sistema bortitz eta gizagabea iraunarazten duela, are gehiago, espetxe berrien automatizazioak, giza-traturako baldintzak urritzen dituela. Kokapena ere ez da ausazko erabakia, nahiz eta ez dizkiguten hautu honen atzeko benetako arrazoiak azaldu nahi. Kokapenak, sozializazioa oztopatzeaz gain, isolamendua handiagotzen du eta, gainera osasun-arazoak ekar ditzake: Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak espetxe berriaren tenperatura District Heating sistema bidez erregulatuko dela salatu du publikoki, Aldundiak ezarritako sistema, osasunarentzat kaltegarria dena, dioxina eta metal astunen pilaketaren ondorioz.

Salhaketa Elkartetik, atzo, gaur eta beti, makroespetxeen aurka agertzen gara, eta pertsonen kartzelaratzea negozio bihurtzea gaitzesten dugu, azpiegituren eraikuntzatik hasita, zentruen beraien kudeaketara arte. Preso dauden pertsonen deshumanizaziora bultzatzen duen eredua dela uste dugu, gatazken konponketa muturreko zigor sistema bat izatera mugatzen duena, askatasunaren guztizko pribazioa oinarritzen dena, eta gizartearentzat benetako konponketa bideetatik urrun dagoena.