Zubietako kartzela

Eskuzaitzetara heltzeko autobus zerbitzua lehenbailehen ezartzea eskatu du Eguzkik

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 10a

Zubietako Eskuzaitzetako kartzelara nahiz enpresetara heltzeko autobus zerbitzurik ez da egun. Irailerako iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eguzkik lehenbailehen abiaraztea galdegin du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamenduak, zerbitzu berri baten abiatzea iragarri du egunotan iraileko bigarren hamabostaldirako. Izan ere, uda ostean, autobus linea berri bat jarriko dute martxan Zubietako Eskuzaitzetara. Gogoan izan, bertan dira hainbat enpresa edota ekainean inauguraturiko espetxea. "Autobus horrek astelehenetik igandera emango du zerbitzua, goizeko lehen ordutik (5: 30-6:00) eguneko azken ordura arte (22:00-22:30) eta intermodala izango da".

Zerbitzu berri hau nortzuengan pentsatuta dagoen ere jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa departamenduak; "linea berriak BU15 izena izango du, eta industrialdeko langileei zein Zubietako espetxera edo Zubietako kirol-hirira joan behar dutenei erantzuteko" jarriko dute martxan.

"Zubietako kartzelako isolamenduarekin amaitzeko"
Asmo horren aurrean, Eguzki Euskal Herriko talde ekologista eta antinuklearrak "Zubietako kartzelako isolamenduarekin amaitzeko" lehenbailehen autobus zerbitzua abiaraztea galdegin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. "Aldundiari eskatzen diogu Eskuzaitzetara iristeko autobus-linea bat lehenbailehen ezartzeko, luzamendu gehiagotan ibili gabe, hara joan behar duten langile, preso edo senideek garraio publikoa erabiltzeko aukera izan dezaten".

Eguzkik pozgarritzat jo duen arren Foru Aldundiak irailetik aurrera zerbitzu hori abiaraztea iragarri izana, presoak ekainaren 17an Martuteneko espetxe zaharretik Zubietakora lekuz aldatu ostetik, "hiru hilabetera ezarriko dutela iragartzeak ez dirudi planifikazio eredugarriaren adibidea denik. Are gehiago kontuan hartzen badugu orain dela sei urte ere bazekitela autobus-zerbitzu hori beharrezkoa izango zela. Ez dirudi mugikortasun “jasangarri eta adimenduna” oso kontuan izan dutenik". 

"Garraio publikorik ez izatea zigor gehigarria da"
Egoera horren ondorioz, ordura arte, "behintzat, presoen senideak, hirugarren graduan daudenak eta gainerako erabiltzaileak ahal bezala moldatu beharko dira, planifikazio-falta nabarmenaren ondorioei aurre eginez". Eguzkik neurtu egin du, Zubietako espetxearen eta gertuen dauden garraio zerbitzu publikoen arteko distantzia. "Lasarte-Oriako tren-geltokitik hasi eta kartzela bitartean, 5.800 pauso daude, gutxi gorabehera 58 minutu (joateko bakarrik). Bugatiko autobus-geltokitik, berriz, 3.100 pauso, 33 minutu inguru. Bi kasuetan, 100 metrotik gorako desnibela gainditu beharra dago. Alegia, zati handi batean aldapan gora nabarmen egin behar da, eta bidean ekaitzaren edo eguzkiaren kontrako babesik gabe".

Horregatik, Eguzkik salatu duenez, "garraio publikorik ez izatea zigor gehigarria da senideentzat eta batez ere, hirugarren graduan dauden presoentzat, horiek joan-etorria egunero egin behar dute eta". Haiez gain, kartzela ondoan industrialde bat dago eta bertako ehunka langileak egoera berean dira.  "Eskuzaitzetan dagoeneko ezarrita dauden enpresen artean Naturklima eta Mubil aurkitzen ditugu, biak ala biak diru publikoz finantzatuak. Enpresa horien helburu nagusia edo nagusietako bat “mugikortasun jasangarri eta adimenduna” sustatzea da. A ze sarkasmoa! Erakunde publikoek “garraio jasangarri eta adimenduna” sustatu nahi dute baina hara iristeko autobus-linea triste bat ezarri gabe? Posible ote da “garraio jasangarri eta adimenduna” garraio publikorik gabe? Den-denok dakigu zein den erantzuna", salatu du Eguzkik.