Zubietako Herri Jaiak

Zubietako Herri Jaietarako kontuan hartu beharrekoak

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 17a

Uztailaren 24tik 31ra jai giroan murgilaraziko du Zubieta bertako jai batzordeak. Denontzako hainbat proposamen erakargarrirekin osatu dute ospakizun zikloa. Antolatzaileek plazaraturiko hainbat xehetasunen berri duzue lerrootan.

Jaien iraupena ohikoa izan arren, bada aldaketa edo nobedaderik zenbait hitzorduetan. Esaterako, urte luzez uztailaren 31n eginiko zikiro jana, bezperara aurreratu dute. Bazkaria, gainera, afari bilakarazi dute. Uztailaren 30eko iluntzean egingo da otordu hori. Txartelak salgai izango dira hilaren 26ra arte Zubietako Alamandegin nahiz Usurbilgo Aitzagan.

Jaietan errotua den beste otordu bat, Jubilatuen Eguneko bazkaria izan ohi da. Aurtengoan, hilaren 26an ospatuko da, igandearekin eta Yoko Garbi elkartean egingo da. Izena emateko epealdia hilaren 22ra artekoa izango da. Lekua hartzeko 620 704 459 telefono zenbakira (Ekain) deitu beharko da.

Halere, jaiak zubietarrak elkartuta abiarazi nahi dituzte, hilaren 24an bertan egingo duten herri afariarekin. "Aurten ere, herriko afariko txartelen eskaria egiteko aurreko urte modua mantenduko dugu", iragarri dute jai batzordetik. Zubietarrek etxean jasotako gutunazal barruan "dagoen QR kodearen bitartez eskaria eta ordainketa egin beharko da. Umeen kasuan, egunean bertan erosi ahalko dira". Aurreko urteen antzera, aurtengoa ere herri afari mozorrotua izango da.

Hiru kontzertu gau
Gautxoriei zuzenduriko hiru kontzertu gau antolatu ditu jai batzordeak uztailaren 24an, 25ean eta 30ean. Iruztak girotuko du afalaurreko jaien hasiera astebete barru eta Itzal Erromeriak Dj ZZerok hilaren 24ko gaua; biharamuna, Laket erromeriak eta DJ Txolasek. Gaupasa Eguna izango da ohi bezala, hilaren 30ekoa; oraingoan, zikiro janeko afalostea Zutik Elektrotxarangak, Trikidantz taldeak eta Dj Viduk girotuko dute. Azkenik, jaietako azken arratsaldean, erromeria giroa nagusituko da Izer eta Alabierrekin.

Desafioak eta mendi lasterketa
Egunez ekintza gehiago izango dira; hala nola, oilasko biltzaileek hilaren 28an egingo dute bira eta biharamuna, hilaren 29a, belaunaldi gazteenarena izango da. Ez da faltako hilaren 25eko Santio Egunako soka-dantzarik ezta kirol hitzordurik ere. Zubietarren arteko errebote partida jokatuko da hilaren 31n eta bezperan gaztetxoen arteko Yoko Garbi erakustaldia. Desafiorako tarterik ere izango da jaiotan. Zubietarrak lehian jarriko ditu hitzorduak hilaren 25ean. Bigarren "desafiyua" hilaren 30erako iragarri dute; Uribarrena I eta Zuriarrain II lehiatuko dira.

Horrez gain, iaz estreinakoz antolaturiko Andatzara Igoera 2. Mendi Lasterketa jokatuko da hilaren 26an 18:00etan. Izena aurrez eman  beharko da, esteka honetan: labur.eus/andatza2 . Egunean bertan, 17:00-17:45 artean banatuko dituzte dortsalak Zubietako elizako arkupean eta segidan hasiko da lasterketa eliza paretik bertatik.

Bidelagunekin
Eskertza helarazi die jai batzordeak bidelagun izandako eragileei, antolaketa lanetan eskainitako laguntzagatik. Yoko Garbi Elkartea, Zubieta Pilota Elkartea, Herri Batzarra, Bugati erretegia, Aratz erretegia, Alamandegi jatetxea, Zortzitan Bertso Eskola, Umeen Eguna antolaturiko gurasoak, sardina eta piper jatearen arduradunak, Etxezarreta harategia, Dominos Pizza, Añorgako lagunak, haiek guztiak dira jai batzordearen esker ona jasotakoak eta haiekin batera, baita "herritar guztiok jaietan parte hartzeagatik!".

Festetarako norbera nahiz etxeko balkoi eta leihoak girotzeko zapiak eta banderak txosnan eskuratu ahalko direla ohartarazi du jai batzordeak.