Zubietako Herri Jaiak

Datozen Zubietako festen zenbait ekintzetan izena emateko aukera

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 20a

Uztailaren 24tik 31ra ospatuko diren Zubietako Herri Jaietako zenbait hitzorduetarako aurrez eman beharko da izena.

Batetik, aurten uztailaren 30ean afalorduan (ez hilaren 31ko bazkalorduan) egingo den zikiro janerako txartelak salgai izango dira hilaren 26ra arte Zubietako Alamandegin nahiz Usurbilgo Aitzagan.

Jaietan errotua den beste otordu bat, Jubilatuen Eguneko bazkaria izan ohi da. Aurtengoan, hilaren 26an ospatuko da, igandearekin eta Yoko Garbi elkartean egingo da. Izena emateko epealdia hilaren 22ra artekoa izango da. Lekua hartzeko 620 704 459 telefono zenbakira (Ekain) deitu beharko da.

Jaiak zubietarrak elkartuta abiarazi nahi dituzte, hilaren 24an bertan egingo duten herri afariarekin. "Aurten ere, herriko afariko txartelen eskaria egiteko aurreko urte modua mantenduko dugu", iragarri dute jai batzordetik. Zubietarrek etxean jasotako gutunazal barruan "dagoen QR kodearen bitartez eskaria eta ordainketa egin beharko da. Umeen kasuan, egunean bertan erosi ahalko dira". Aurreko urteen antzera, aurtengoa ere herri afari mozorrotua izango da.

Horrez gain, iaz estreinakoz antolaturiko Andatzara Igoera 2. Mendi Lasterketa jokatuko da hilaren 26an 18:00etan. Izena aurrez eman  beharko da, esteka honetan: labur.eus/andatza2 . Egunean bertan, 17:00-17:45 artean banatuko dituzte dortsalak Zubietako elizako arkupean eta segidan hasiko da lasterketa eliza paretik bertatik.

Festetarako norbera nahiz etxeko balkoi eta leihoak girotzeko zapiak eta banderak txosnan eskuratu ahalko direla ohartarazi du jai batzordeak.

Segidan duzue, datozen festetarako jai batzordeak osaturiko ekitaldien eskaintza zabalaren berri:

Zubietako Herri Jaiak
Uztailak 24, ostirala
19:00 Jaien hasiera: txupinazoa eta buruhandiak.
Jarraian, txoznen irekiera eta Iruztak girotuta.
20:45 Herri afari mozorrotua.
00:30 Itzal taldearekin dantzaldia.
Ondoren, Dj ZZero.

Uztailak 25, larunbata: Santio Eguna
09:00 Esnadeia, Donostiako txistulari bandaren eskutik.
11:00 Meza Nagusia.
Ondoren, hamaiketakoa, Yoko Garbi Elkartearen eskutik, eta soka-dantza.
18:00 Desafiyua.
Jarraian, buruhandiak.
00:00 Kontzertuak: Laket erromeria eta DJ Txolas.

Uztailak 26, igandea: Jubilatuen Eguna
11:30 Sagardo dastaketa.
14:00 Jubilatuen bazkaria Yoko Garbi Elkartean.
18:00 Andatzara Igoera II. Mendi Lasterketaren hasiera:
17:00-17:45 Dortsal banaketa Zubietako Elizako arkupean.
18:00 Lasterketa eliza paretik.
Izen-ematea: labur.eus/andatza2
Jarraian, sardin eta piper jana eta buruhandiak.
19:30 Bertsolariak: Andoni Egaña, Alaia Martin, Eneko Lazkoz eta Iñigo Mantzisidor "Mantxi". Gai-emailea: Zortzitan Bertso Eskola.

Uztailak 28, asteartea: Oilasko Biltzaileen Eguna
06:00 Oilasko biltzaileen irteera, Ane eta Alazne trikitilariek alaituta.
14:30 Oilasko biltzaileen itzulera.

Uztailak 29, asteazkena: Umeen Eguna
10:00 Jolasen hasiera.
14:00 Umeen bazkaria.
16:00 Jolasen jarraipena.
Ondoren, txokolatada.
18:00 Usurbilgo Lauburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren erakustaldia.

Uztailak 30, osteguna: Gaupasa Eguna
12:00 Gaztetxoen Yoko Garbi erakustaldia.
16:00 Mus txapelketa Yoko Garbi elkartean, (15:30etan izen-ematea, bikoteko 25 euro).
Sariak:
1-Txapela eta kopa. 300 euroko otordua Aratz erretegian, sagardoa, ura.
2-Arkumea, sagardoa, ardoa.
3-Lau txuleta, sagardoa, ardoa.
4-Bi txuleta, sagardoa, ardoa.
18:00 Sega desafiyua: Uribarrena I-Zuriarrain II.
Jarraian, bertsolariek girotutako krokepoteoa txoznan eta buruhandiak.
20:30 Zikiro jana. Txartelak aurrez salgai uztailaren 26ra arte, Zubietako Alamandegin eta Usurbilgo Aitzagan.
23:00 Kontzertuak: Zutik Elektrotxaranga, Trikidantz, Dj Vidu.

Uztailak 31, ostirala: San Inazio Eguna
10:30 Meza.
11:00 Zubietarren arteko errebote partida.
18:00 Izer eta Alabier trikitilariak.
20:30 Oilasko biltzaileen afaria Bugati erretegian.
23:30 Traka.
Bukatzeko, txozna hustutzea.

Oharrak:
-Jaietan gerta daitezkeen ezbeharretan, Zubietako Jai Batzordeak ez du erantzukizunik.
-Musika egunero egongo da txosnetan gau eta egun.
-Jaietan ez da onartuko eraso sexista, homofobo edo arrazistarik.

Antolatzailea: Zubietako jai batzordea.