Batetik, aurten uztailaren 30ean afalorduan (ez hilaren 31ko bazkalorduan) egingo den zikiro janerako txartelak salgai izango dira hilaren 26ra arte Zubietako Alamandegin nahiz Usurbilgo Aitzagan.
Horrez gain, iaz estreinakoz antolaturiko Andatzara Igoera 2. Mendi Lasterketa jokatuko da hilaren 26an 18:00etan. Izena aurrez eman beharko da, esteka honetan: labur.eus/andatza2 . Egunean bertan, 17:00-17:45 artean banatuko dituzte dortsalak Zubietako elizako arkupean eta segidan hasiko da lasterketa eliza paretik bertatik.
Festetarako norbera nahiz etxeko balkoi eta leihoak girotzeko zapiak eta banderak txosnan eskuratu ahalko direla ohartarazi du jai batzordeak.
Hiru kontzertu gau
Gautxoriei zuzenduriko hiru kontzertu gau antolatu ditu jai batzordeak uztailaren 24an, 25ean eta 30ean. Iruztak girotuko du afalaurreko jaien hasiera astebete barru eta Itzal Erromeriak Dj Bitaupadak hilaren 24ko gaua; biharamuna, Laket erromeriak eta DJ Txolasek. Gaupasa Eguna izango da ohi bezala, hilaren 30ekoa; oraingoan, zikiro janeko afalostea Zutik Elektrotxarangak, Trikidantz taldeak eta Dj Viduk girotuko dute. Azkenik, jaietako azken arratsaldean, erromeria giroa nagusituko da Izer eta Alabierrekin.
Desafioak
Egunez ekintza gehiago izango dira; hala nola, oilasko biltzaileek hilaren 28an egingo dute bira eta biharamuna, hilaren 29a, belaunaldi gazteenarena izango da. Ez da faltako hilaren 25eko Santio Egunako soka-dantzarik ezta kirol hitzordurik ere. Zubietarren arteko errebote partida jokatuko da hilaren 31n eta bezperan gaztetxoen arteko Yoko Garbi erakustaldia. Desafiorako tarterik ere izango da jaiotan. Zubietarrak lehian jarriko ditu hitzorduak hilaren 25ean. Bigarren "desafiyua" hilaren 30erako iragarri dute; Uribarrena I eta Zuriarrain II lehiatuko dira.
Bidelagunekin
Eskertza helarazi die jai batzordeak bidelagun izandako eragileei, antolaketa lanetan eskainitako laguntzagatik. Yoko Garbi Elkartea, Zubieta Pilota Elkartea, Herri Batzarra, Bugati erretegia, Aratz erretegia, Alamandegi jatetxea, Zortzitan Bertso Eskola, Umeen Eguna antolaturiko gurasoak, sardina eta piper jatearen arduradunak, Etxezarreta harategia, Dominos Pizza, Añorgako lagunak, haiek guztiak dira jai batzordearen esker ona jasotakoak eta haiekin batera, baita "herritar guztiok jaietan parte hartzeagatik!".