Urtero moduan, Zubietako Herri Jaiek herrikide bat omentzeko baliatu dute hasiera ekitaldian. Herri Batzarreko kideek txupinazoa nork jaurtiko zuen jakinarazitakoan, txalo zaparrada artean hartu dute omendua; aurtengoan, Jose Luis Martija izan da. "Zubietarra bera, festa giroan asko emandakoa", jaien hasiera ekitaldia bideraturiko Herri Batzarreko kideek aditzera eman dutenez.
Haietako batek, egun Zubietako alkate den Jon Andoni Arroyok bertsotan omendu du Martija eta kantuan argi utzi du, zergatik izan den aurtengo omendua. "Santiotako txupinazoa nork botako du galdezka, Jose Luisek du aurten ohorea, ondo merezi du eta. Edaritegia, gazteak laguntzeaz, urteroko muntaketa, etxeferoak ezker eskubi pila bat ditu botata. Gaurko batekin jarriko digu festa giroan Zubieta".
Omenduak, Martijak eskerrak helarazi nahi izan dizkio jai batzordeari, herri batzarrari eta nola ez, "zubietar guztioi". Hastear zituzten jaiei begira, "zubietar guztioi festa eder-ederrak pasatzea espero dut" opa nahi izan die herrikideei.
Senide batekin piztu du, Zubieta astebeteko ospakizun giro betean murgilarazitako lehen suziria.