Zubietako herriari zuzenduriko hitz eta bertsoekin plazaratu dira Herri Batzarreko ordezkariak, festei ekiteko hitzordu nagusira; pozarren eta une hau heltzeko irrikaz agertu dira jendaurrera. Errebote plazan egindako ekitaldian, argi utzi nahi izan dutenez, "jaiak ez dira egitarau bat bakarrik. Jaiek herrigunea kolorez janzten dute. Izan ere, zazpi egunetan zehar, hainbat ekimenez gozatzeko aukera dugu. Herritarrak plazan elkartzeaz gain, erromerietan edota soka dantzan dantza egiten dugu. Frontoian, pilotariei txalo egiteko elkartzen gara. Desafiyuan gure onena ematen dugu. Herri bazkari edo zikiroaren bueltan, berriketan aritzen gara. Oilasko bila goizean goiz irteten dira gazteak. Azken finean, edozein dela ere gure adina eta estiloa, denok gustura egoteko egunak dira".
Zubietako gazteen mezuarekin bat egin nahi izan dute jaien hasieran, 2023-27 legealdiaren amaierara gerturatzen ari diren Herri Batzarreko ordezkariek. "Zubietako gazteek esango luketen bezala, hau gazte, ez hain gazte eta beti gazte, atera plazara herria alaitzera!", egin dute gonbita.
"Ez dadila haria eten"
Eskerrak helarazi nahi izan dizkiete ospakizun egunok bizitzea ahalbidetu dutenei. Izan ere, "jaiak ez lirateke posible izango jende askoren lanik eta ilusiorik gabe. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu jai batzordeari, elkarteei eta eragileei, norbanako boluntarioei, udal langileei eta orohar, jaiak aurrera ateratzeko lanean aritu zareten guztioi. Bihotzez, milesker!".
Ez hori bakarrik, urtean zehar herrigintzan aritu ohi direnak ere gogoan hartu nahi izan ditu Herri Batzarrak. "Zubietak beti izan ditu ezaugarri eta nortasun propioak eta nahiz eta ahalmen urria izan, gai izan gara antolaketa administratiboari eutsi eta gure herriaren alde lanean jarrraitzeko. Lerro hauen bidez, herritik eta herriarentzat hainbat arloetan (kirola, kultura, hezkuntza, euskara, gazteak) lanean diharduen herritar oro goraipatu nahiko genuke, denon artean, gure herria eraikitzen ari garelako. Ez dadila haria eten", galdegin dute.
"Gazteen borondatea, goaz eskerrak ematera"
Amaitzeko, abiatzear zituzten jaiei begira jarri dira. "Festa giroan murgiltzeko garaia iritsi zaigu, falta direnak gogoan ditugula. Ozen adierazi nahi dugu, inolako erasorik ez dugula onartuko. Kaleak, gauak, jaiak, denonak dira eta espazio aske eta seguruak eraikitzea guztion ardura da".
Hitzez soilik ez, bertsotan ere aritu dira legealdi hau amaitu aurreko azken jaiei hasiera emandako Herri Batzarreko ordezkariak. Hala zioten; "heldu da Santiyo astea, programa ekintzez betea. Zortzi jaiegun prestatzeko, gazteen borondatea, goaz eskerrak ematera". Ildo beretik segita adierazi dute kantuan, eskertzen hasita "koplan denak ezin aipa, jaiaren alde egiten duenak txaloa du merezita".