Berdeak eta gorriak, gazteak eta gazte izaten segitzen dutenak. Batzuek zein besteek Zubietako frontoira joandako ikus-entzuleen babes eta berotasuna jaso dute, jai giroan egonda eginiko ahaleginaren truke.
Izan ere, "desafiyuan" lehiatu dira belaunaldi ezberdinetako zubietarrak; gogotik egin ere. Bizikleta txikietan itzulia ematen, korrika, zaku lasterketan, erratz jaurtiketan, lokots bilketan, tokan, janari dastaketan, begiak estalita bira egiten edota sokatiran lehiatu dira.
Bitan neurtu dira proba horietan guztietan. Berdinketa izan ostean, sokatiran lehiatu dira. Azkenean, garaile, nola ez, Zubieta bera.
Gogotik girotu du beste urte batez ekimen honek, Zubietako jaiegun nagusi honetako arratsalde partea.