Urteko gau luzeena ospatu berri dute Zubietan. Izan ere, ostegun honetakoa, uztailaren 30ekoa, Herriko Jaietako Gaupasa Eguna izan dute, arratsaldean bertan hasi zutena, mus txapelketa eta sega "desafiyuarekin".
Indarberritzeko, afalaurretik, "krokepoteoa" egin zuten bertako bertsolariek girotua. Izan ere, Unai eta Asier Azpirozek girotu zuten frontoi ondoko plazako hitzordua eta haiekin izan zen baita Harri Agirresarobe usurbildarra ere.
Alboan, urteko gau luzeenari gogotsu ekiteko, afaritarako jaki nagusia sukaldatzen ari ziren; zikiroa. Zikiro janerako bildu ziren ehunetik gora lagun, iluntzean frontoian. Zubietako Herri Jaietako azken afaria izan zen.