Zubietako Herri Jaiak

Sega desafio itzela, Zubietako jaien azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 31

Desafio itzelari lekua eman diote Zubietako Herri Jaiek aurtengoan. Sega erakustaldi bikaina eskaini zuten Jon Uribarrenak eta Xabat Zuriarrainek. Ikusmin nabarmena eragin zuen hitzorduak.



Ordu-erdiko tartean segarekin nork belar gehiago moztu; hortxe, ostegun honetan, uztailaren 30ean Zubietako Herri Jaien baitan jokatutako "desafiyuaren" muina. Aurrez aurre lehiatu ziren gogotik aritutako bi gazte; Jon Uribarrena (Uribarrena I) eta Xabat Zuriarrain (Zuriarrain II).

Alboan izan du laguntzarako nahiz ahalegina eskatu dien neurketa lanetarako lantalde bana. Haiek zehaztu dute, zenbat belar moztu duen bakoitzak eta ebakitakoaren pisuaren zenbatekoa.

Probaren amaieran jakinarazi zutenez, Zuriarrainek bi koadro belar moztu zituen. Hirugarrenarekin hasia zen ordu-erdiko tartea amaitutako unean. Uribarrena, aldiz, bigarren koadroa amaitzear zen orduan. Halere, antolatzaileek argitu moduan, "horrek ez du ezer esan nahi. Izan ere, aldea dago batek gorago edo beherago moztean eta hori nabarmendu da".

Xehetasunok argituta, zenbakietara igaro ziren. Bi lehiakideek eginiko lanaren artean, 35 kiloko aldea baino ez zen egon. Lehiakideetako batek 471,5 kilo belar ebakitzea lortu zuen, besteak 435,5 kilo. Zenbakioi aurpegia jarri zieten segidan. Estreinakoz, Zubietan eginiko sega "desafiyoko" irabazlea Xabat Zuriarrain izan zen.

Zenbakietatik haratago, nabarmentzekoa da biek ala biek eginiko ahalegin itzela, bertaraturiko ikus-entzule andanak gogotik txaloturikoa.

Lehenengo edizioa izan da honako hau. Urtebete barru ikusiko da, "desafiyuak" segida izango ote duen.