Urtero moduan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Zubietako planta gelditzeko giza katea deitu du Donostiako estropaden bigarren eta azken jardunaldi egunerako. Irailaren 13an egingo da mobilizazioa, goizeko 11:00etan Alderdi Ederretik hasita, Kontxako hondartzan, “ez erre etorkizuna. Erraustegia gelditu!” aldarripean.
Urteak daramatza aipatu herri mugimenduak mobilizazio hau antolatzen. Iazko irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. "Gipuzkoan (batzuk) birziklatzen dugu, erraustegia itxi ezazue!", galdegin zuten Kontxako estropaden 2025eko bigarren eta azken jardunaldi egunean. "Mobilizazio honekin eskatuko dugu itxi dezatela Zubietako erraustegia, itxi dezatela beharrezkoa ez den erraustegi garesti eta kutsatzailea; eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetu dezatela herri guztietan".
Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako mobilizazioa eragileok babestu zuten: ELA, ESK, LAB, STEILAS, CCOO, EHBildu, Ezker Anitza, Eguzki, Ekologistak Martxan, Donostia Bizirik.
Maiatzaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan kokaturiko egoitzaren atarian mobilizazioa antolatu zuten. "Gure protesta entzun dadila hemen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian, Zubietako erraustegi kutsatzailearen erantzukizun nagusia daukan erakundearen aurrean. Eta protesta entzun dadila Donostian, Gipuzkoako hiriburu ustelean".
Adituen ohartarazpenak ekarri zituzten gogora. "Urtetik urtera pilatzen ari dira erraustegiak zabaldutako pozoiak, dioxinak, furanoak, metal astunak, PFASak eta beste kutsagarri arriskutsuak. Gure artean ToxicoWatcheko ikerlariek erakutsi dute zenbat pozoi ari den zabaltzen erraustegia inguruko lur, aire eta uretan. Eta pozoi horien azken biltegia geu gara, inguruko landareak, animaliak... eta pertsonak: gu geu eta gure ondorengoak, geu gara hondakinak erretzearen kalteak nozitzen ditugunak".
Agintariei ohartarazpenok kontuan hartu, arduratsu jokatu eta hondakinen kudeaketa egokiak antolatzera deitu zituzten.
Irailaren 13an errausketaren aurkako aldarria ikusgarri egingo dute berriz Kontxan.
Erraustegiaren aurkako giza katea
Eguna: irailak 13, igandea.
Ordua: 11:00.
Tokia: Donostiako Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara.
Zehaztasunak: "Ez erre etorkizuna, erraustegia gelditu!" aldarripean, giza katea deitu dute irailaren 13an Donostiako Kontxan, estropaden azken jardunaldi egunean.
Antolatzaileak: Errausketaren Aurkako Mugimendua, Donostia Bizirik, Ekologistak Martxan, Eguzki.