"Ez erre etorkizuna. Erraustegia gelditu" aldarripean, giza katera batzeko deia egin du Errausketaren Aurkako Mugimenduak igandean, irailaren 13an. "Gipuzkoako herritarrei dei egiten diegu protestan parte hartzera". Goizeko 11:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik Kontxako hondartzarantz. Bertan egingo da mobilizazioa, hiriburuko estropaden bigarren eta azken jardunaldi egunean hain zuzen.
LAB, ELA, CCOO, ESK, EH Bildu, Elkarrekin, Berdeak Equo, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Donostia Bizirik eragileen babesa jaso du deialdiak. "Gure protesta azalduko dugu Zubietako erraustegia oraindik martxan dagoelako eta erraustegi toxiko, garesti eta alferrikako hori gelditzea eskatuko dugu", berri eman dute deitzaileek, astearte honetan, irailaren 8an, giza katea iragartzeko mobilizazioaren eremuan bertan eginiko agerraldian.
"Gure ekintza bakoitzak balio du edo gauzak hobetzeko edo okerragotzeko. Agintariei exijitu hondakinen kudeaketa onak ezarri eta Zubietako erraustegia gelditzea".
Lerrootan duzue, mobilizaziora begira deitzaileeik plazaraturiko adierazpena osorik:
"Ez erre etorkizuna. Erraustegia gelditu"
Irailaren 13an, Donostiako estropaden egun handian, goizeko 11:00etan Kontxako hondartzan gure protesta azalduko dugu Zubietako erraustegia oraindik martxan dagoelako eta erraustegi toxiko, garesti eta alferrikako hori gelditzea eskatuko dugu. Gipuzkoako herritarrei dei egiten diegu protestan parte hartzera.
Turistifikazioak itxuraldatu eta ia ezagutezina bihurtu duten Donostia honetan, tentatuak egon gaitezke pentsatzeko mundua primeran doala eta gu kontsumismoaren paradisuan bizi garela. Eta hala ere, gure historian markatuta geldituko den 2026ko udak erakutsi digu jadanik hemen daukagula klimaren aldaketa bere kalteekin: beroaldi gogorrak bata bestearen ondotik, pertsona zaurgarrienak beroarekin sufritzen, mendi eta soro eta erreketan inoizko lehorterik larriena, itsasoko uren tenperatura harrigarria, biodibertsitatearen hondamendia, sute izugarriak... eta abar luzea.
Klimaren zoratze hau ez datorkigu ezustean, aspalditik zegoen iragarrita; eta aldi berean, aspalditik daude esanda zein diren desastrearen kausak eta zer den aldatu beharrekoa. Eta aldatu beharreko atal handietako bat da gizakiok sortzen ditugun hondakinen kudeaketa.
Hondakinak erraustea -aspaldi esana dago- txarra da gizakien osasunarentzako, txarra landare eta animalientzako, txarra lurzoruarentzako... eta txarra klimarentzako. Errausketak herritarrok bultzatzen gaitu kontrolik gabe kontsumitu eta botatzera, ez berrerabiltzera, ez birziklatzera; eta gero, erraustegian hondakin guztiak nahastuta erretzean inguru guztian zabaltzen dizkigu klase guztietako toxikoak eta klimaren aldaketa okerragotzen duten gasak. Askotan esan dugu eta berriro salatzen dugu Errausketaren Aurkako Mugimendutik; Zubietako erraustegia da Gipuzkoan negutegi eragina daukaten gas gehien isurtzen duen instalazioetako bat.
Hau guztia ohiko funtzionamenduan gertatzen da, baina behin eta berriro gertatzen diren ihes, istripu eta suteek areagotzen dute erraustegiak barreiatzen duen kutsadura. Azken sutea duela egun gutxi gertatu da, bertako langileek oinarrizko babesik gabe beraien osasuna arriskuan jarriaz itzaltzen saiatu behar izan zutena.
Badira sei urte, egoeraren larritasunaren jabe izanik, erraustegiko langileek borrokaldi luzea abiatu zutela, azken urtean areagotuz joan dena. Aurten bakarrik, hamar lanuzte eta borroka egun izan dira bertako langileen osasuna bermatu eta honetarako barne araudia errotik alda dezaten aldarrikatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundia: gelditu ezazu Zubietako erraustegi kriminal hori! Ez kutsatu gehiago ez gu eta ez gure seme-alabak eta bilobak, ez kutsatu gehiago gure elikagaiak, landareak, zuhaitzak, lurzorua eta animaliak. Ez erre gure eta gure ondorengoen etorkizuna!
Gipuzkoako udaletako agintariok; geldiarazi ezazue Zubietako erraustegia! Hondakinak berrerabili, birziklatu eta konpostatzeko modu erraz eta merkeagoak badaude. Tratatu duintasunez zuen herrikideak eta aztertu gaur hondakinentzako ezarrita dauzkazuen sistemak, kendu emaitza txarrak dauzkatenak eta ezarri sistema egokiak.
Gipuzkoako herritarrok: gauza asko aldatu eta hobetu behar ditugu klimaren zoratze hau gelditzeko. Horietako bat da hondakinen kudeaketa.
Gure ekintza bakoitzak balio du edo gauzak hobetzeko edo okerragotzeko. Agintariei exijitu hondakinen kudeaketa onak ezarri eta Zubietako erraustegia gelditzea.
Ez erre gure etorkizuna!
Ez, ez, ez, errausketarik ez!
Antolatzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.
Atxikimenduak: LAB, ELA, CCOO, ESK, EH Bildu, Elkarrekin, Berdeak Equo, Eguzki, Ekologistak Martxan, Donostia Bizirik.