Zubietako erraustegia

Erraustegiko langileen borroka gogoan hartu dute igandeko giza katearen deitzaileek

Noaua Aldizkaria

Errausketaren Aurkako Mugimenduak iganderako, irailaren 13rako erraustegia geratzeko giza katea deitu du goizeko 11:00etan Donostiako Kontxan. Mobilizazioa iragartzeko gaur eginiko agerraldiaren baitan, berriki sutea izandako Zubietako tratamendu plantako langileek urte hasieratik abian duten borroka ekarri dute gogora.

"Ez erre etorkizuna. Erraustegia gelditu" aldarripean, giza katera batzeko deia egin du Errausketaren Aurkako Mugimenduak eragile gehiagorekin (LAB, ELA, CCOO, ESK, EH Bildu, Elkarrekin, Berdeak Equo, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Donostia Bizirik) igande honetan, irailaren 13an, 11:00etan Donostian, Kontxan.

Astearte honetan, irailaren 8an egin dute mobilizazio hori iragartzeko urteroko agerraldia ekimena bideratuko duten Gipuzkoako hiriburuko eremuan bertan. Plazaraturiko adierazpenean zehar, gogora ekarri dute Zubietako erraustegiko langileek urte hasieratik lan hitzarmen duina izateko egiten ari diren borroka.

Gaia, abuztuaren 19an aipatu hondakinen tratamendu plantan izandako enegarren sutearen harira jorratu dute gaurko agerraldian. Ohiko jardunak eragindako kutsadura halako gertaerek areagotu egiten dutela ohartarazi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. "Behin eta berriro gertatzen diren ihes, istripu eta suteek areagotzen dute erraustegieak barreiatzen duen kutsadura. Azken sutea duela egun gutxi gertatu da, bertako langileek oinarrizko babesik gabe beraien osasuna arriskuan jarriaz itzaltzen saiatu behar izan zutena", salatu du aipatu herri mugimenduak gaurko agerraldian.

Abuztuaren 19an jazo zen sute hura. Langileen batzordeko ordezkarien esanetan, "enpresak arrisku handiko egoera batean jarri zituen beharginak, eta horren ondorioz bederatzi pertsona artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek". Langileok salatu zutenez, "nahikoa da gure bizitzekin jolasteaz! Ekobal plantako suteak agerian utzi du enpresak langileen osasunaren aurretik jartzen duela negozioa. Bederatzi kide kez pozoituta! Sute bat itzali behar izan dute Babes Ekipamendurik (BBE) gabe, ke toxikoa arnasten eta larrialdietako ur-hodiak apurtuta zeudela".

Sare sozialen bidez azaldu zutenez, "langileak egoera guztiz lotsagarri eta etsigarrian jarri ziren sugarren aurrean: hurbilen zeuden sute-ahoak erabat apurtuta eta erabilezin zeuden. Baliabiderik gabe, materialik gabe eta enpresaren aldetik inolako aurreikuspenik gabe, langileek euren larrua jokatu behar izan zuten eta itzaltze-lanak inprobisatu zituzten, industria-suteak itzaltzeko balio ez duen mangera arrunt bat erabiliz. Bederatzi kide artatu behar izan dituzte osasun-zerbitzuek!".

Ondorioak nabarmendu zituzten. "Kudeaketa negargarri honen eta derrigorrezkoak diren prebentzio-neurrien faltaren ondorioa dramatikoa izan da: bederatzi langile artatu behar izan dituzte larrialdietako suhiltzaileek eta osasun-langileek, zaborraren errekuntzak sortutako ke toxikoen ondorioz intoxikazio larria jasan ostean".



Urte hasieratik borrokan
Sute horren harira, gogora ekarri du gaur Errausketaren Aurkako Mugimenduak langileok borrokan direla urte hasieratik. "Badira sei urte, egoeraren larritasunaren jabe izanik, erraustegiko langileek borrokaldi luzea abiatu zutela, azken urtean areagotuz joan dena. Aurten bakarrik, hamar lanuzte eta borroka egun izan dira bertako langileen osasuna bermatu eta honetarako barne araudia errotik alda dezaten aldarrikatzeko".

Abuztuaren 19ko sutearen harira eginiko elkarretaratzearen aurretik, ekainaren 23an egin zuten azken lanuztea Zubietako erraustegiko langileek. Udaberrian zehar, hainbat alditan egin bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian elkarretaratzea egin zuten. Langileon osasuna bermatzea eta lan-baldintza duinak galdegin zituzten urte hasieratik egin bezalaxe.

Borondate falta
Gogoan izan, “urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren” lan-baldintza duinen aldeko borrokan segitzen dute langileok, LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, “Ekobal eta Ekondakin enpresek langileen lan-baldintzak arautu eta hobetu beharko dituen enpresa-hitzarmen baterantz aurrerapausoak emateko borondaterik ez dutela jakinda eta GHKren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren etengabeko arduragabekeria ikusita”.

Beste behin, hliabeteotan gogora ekarri dutenez, “Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda-sistema, ez eta mantentze-sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten-zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa”.

Horregatik hain zuzen, “Zubietako erraustegiko langileek lan-baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat adostu nahi dute”.

Enpresa sare baten erdian dira langileok. “Ekondakin kontrata publikoaren enpresa emakidaduna da eta honek, aldi berean, Ekobal azpikontratatzen du erraustegian lan egiteko, Gipuzkoako Bide Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak babestutako 70 langilerekin. Bi enpresak aldi baterako enpresa-elkarteak dira, Urbaser enpresa erraldoiaren partaidetzarekin bietan: % 46 lehenengoan eta % 79 bigarrenean”.

Hasieratik, enpresen borondate falta salatu izan dute langileok aldarrikatzen ari diren lan-baldintza duinak negoziatzerakoan.