Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa" sailak hilabete honetako bigarren hamabostaldian autobus zerbitzu berri bat abiaraztekoak zirela jakinarazi zuen uztailean, Donostia eta Zubietako Eskuzaitzeta eremua lotuko zituena.
Esperimental gisa definituko zerbitzu hau abiaraztea onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak astearte honetako, irailaren 8ko saioan. Gipuzkoako hiriburua, Galarreta eta Eskuzaitzeta lotuko ditu, aipatu erakundeko bozeramaile Irune Berasaluzek jakinarazitakoaren arabera. BU15 izena izango du. Iraileko bigarren hamabostaldian jarriko dute martxan eta "urtebetez mantenduko da, zerbitzua probatu eta ebaluatzeko eta baita ere erabiltzaileen beharretara egokitzeko".
Langileentzat, espetxera nahiz Realaren instalakuntzetara heltzeko
Udan zehar iragarri moduan, astelehenetik igandera eskainiko da autobus zerbitzu hau goizeko 5:00etan hasi eta gaueko 22:00-22:30ak bitarte. "Garraio publiko bidez, Eskuzaitzetako ingurune industrialera heltzea ahalbidetuko du. Linea berri horri esker, zerbitzu eta azpiegitura egokiekin Mubilen inguruena eta industria parke osoa garatzen lagundu ahal izango da".
Modu horretan, "urratsez urrats, Gipuzkoako industria parkerik handiena izatera bideratua dagoena finkatzen eta garatzen ari gara, Mubil Center etorkizuneko ekonomiaren eta berrikuntzaren ardatz eragile gisa hartuta". Horretarako, "hazkunde horrekin batera, beharrezko dotazio eta zerbitzuak eman behar dira eta kasu honetan, urrats garrantzitsua ematen dugu, langileentzat garraio publikoko sarbide hau bermatuz".
Foru Aldundiko bozeramaileak gaineratu duenez, "linea berriak inguruko beste ekipamendu batzuei ere emango die zerbitzua; hala nola, Zubietan kokatu den espetxe berriari eta baita Realak bertan dituen kirol instalazioak ere lotuko ditu linea honek".