Zubietako Eskuzaitzetako industrialdeako lur-eremuan geroz eta ekipamendu gehiago kokatzen doaz. Horien artean da Mubil Hub, mugikortasun adimendun eta jasangarrian eragiten diharduena.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Mubil Bussines Center eraikitzeko lanen esleipena onartu du. "Mugikortasun iraunkor, adimendu eta konektatuaren ekosistemari eta baita Eskuzaitzetako guneari lotutako enpresen eta start-up-en hazkundea eta sendotzea sustatuko du", Foru Aldundiko bozeramaile Irune Berasaluzeren esanetan. Egungo Mubil Centerren ondoan kokatuko da. 4.500 metroko azalera izango du, "bulego-espazioekin, I+G laborategiekin eta testak eta prototipoak garatzeko gune teknikoekin".
Eraikin berriari esker, "Mubil Bussines Center eraikitzeak aukera emango du ekosistema horren inguruko gaitasunak handitu eta enpresa berritzaileen hazkundean berritzeko", jakinarazi dute Foru Aldunditik.
Lanen hasiera urte amaieran
Mubil eremua finkatze fasearekin batera egin nahi izan dute esleipen hori, "jarduearen lehen urtearen ondoren". Urte horretan zehar, "Mubilek Gipuzkoan mugikortasun jasangarri eta adimendunean Europako erreferente bihurtzeko gaitasuna duen ekosistema bat dugula erakutsi du, testatze, ekintzailetza eta lankidetza jarduerak bultzatuz eta baita, bere ingurunean ezagutza aurreratuko eta berrikuntzako gune bat sortzen lagunduz. Denbora horretan, mugikortasun jasangarriaren ekosistemaren barruan konexio nodo gisa finkatu da zentroa".
Lizitazio kontratua 6.619.906 eurokoa izango da. Hamazazpi hilabeteko tartea aurreikusi du Foru Aldundiak kontratu hori gauzatzeko. Lanak urte amaieran hasi asmo dituzte.
Eraikin berri horrez gain, 6.683 eta 3.336 metro karratuko bi partzela jarriko dituzte, "Mubilen ingurunean mugikortasun jasangarriari eta adimenduari lotutako enpresa eta proiektu berritzaile berriak ezartzen laguntzeko".