Irailaren 21etik aurrera erabili ahalko da Eskuzaitzetarako autobus zerbitzu berria

Noaua Aldizkaria

Egunotan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa" sailak berri emana zuen, uztailean eginiko iragarpena betetzera zihoazela; Zubietako Eskuzaitzetara joan eta handik itzultzeko autobus zerbitzu berria abiaraztekoa zutela alegia. Iraileko bigarren hamabostaldian martxan jartzea onetsi zuen iragan astearteko, irailaren 8ko Diputatuen Kontseiluak.

Asteburuan, zerbitzu berria martxan jartzeko data zehatza iragarri du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Domínguezek. Astebete barru, irailaren 21ean jarriko dute martxan Donostia eta Eskuzaitzeta lotuko dituen linea berria.

Aurrez jakinarazi moduan, BU15 izena izango du autobus zerbitzu berriak. Astelehenetik igandera eskainiko da autobus zerbitzu hau goizeko 5:30etan hasi eta gaueko 22:00-22:30ak bitarte. Ordutegia zehaztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa" sailetik. Lehen zerbitzua Donostiatik goizeko 5:30etan abiatuko da eta 6:05ean Eskuzaitzetatik. Orduero eskainiko da zerbitzu berri hau. Azken autobusak 21:30etan abiatuko dira Donostiatik eta 22:05ean Eskuzaitzetatik. Honenbestez, hamazazpi zerbitzu eskainiko ditu linea berriak noranzko bakoitzean.

Anoeta, Galarreta, Errekalde eta Zubieta lotuko ditu
Geltokiak zeintzuk izango diren ere zehaztua dute. Donostiako Anoeta futbol zelaiaren ondotik abiatuko da autobus zerbitzu berria, Zorroaga pasealekutik. Eskuzaitzetara bidean, geltokiok izango ditu: Galarreta (Jauregi, 78), Errekaldeko Topoaren geltokia ondoa (Errekalde hiribidea), Bugati (Arrapide pasealekua), Zubietako Real Sociedadeko instalazioak, Zubietako espetxea eta Eskuzaitzeta I, "Mubil, Otis eta eraikitze bidean den birziklatzeko prestaketa gunearen" parean, Dominguezen esanetan. Foru diputatuaren arabera, hogei bat minutu beharko ditu autobus zerbitzu berriak ibilbide osoa egiteko.

Geralekuak, ordutegia eta orohar, zerbitzu berria abiarazteko lanak Eskuzaitzetako enpresekin, "baita bertako elkarte eta erakundeekin ere" adostu dituztela adierazi dute Foru Aldunditik. Ildo horretan, "Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GTLA) kanpaina bat jarri du martxan, eta industrialdeko enpresetara stand bat eramango du, langileek MUGI txartela eskatu ahal izan dezaten, oraindik ez badute, eta, horrela, garraio publikoaren erabilera sustatzeko".

"Eskuzaitzeta/Zubieta inguruneak planteatzen dizkigun mugikortasun-behar" ezberdinak asetzea izango du xede nagusi, autobus zerbitzu berriak. Izan ere, Dominguezen hitzetan, "linea ez da soilik sortu industrialdeko langileei zerbitzua emateko —gero eta gehiago baitira—, baita espetxera joan behar duten profesional, elkarteetako ordezkari eta senideei erantzuteko ere; era berean, orain arte existitzen ez zen garraio publikoko alternatiba bat eskaintzeko ere bada, Zubietara, batez ere Sanseren edo Realeko emakumezkoen taldearen partidak ikustera, joaten diren Realaren zaleentzat". 

Ezinbestekoa
Foru Aldunditik gogora ekarri dutenez, "Eskuzaitzeta Gipuzkoako enpresa-gune nagusietako bat da. Gure enpresa punta-puntakoenetako batzuk bertan kokatu dira, eta lan-aukera garrantzitsuak sortu dituzte. Gainera, etengabe hazten ari den industrialdea da; beraz, ezinbestekoa zen dagoen beharretara egokitutako eta erabilgarria den garraio publikoaren alternatiba bat eskaintzea, pertsona guztiek hemen lan egiteko aukera izan dezaten eta garraio publiko egokirik ez izateagatik lanpostu bati uko egin behar izan ez diezaioten", nabarmendu du. Era berean, balioan jarri du "Zubietako kirol-eremua ere hartzen dugula, orain arte zerbitzurik ez baitzuen".

Eskuzaitzeta eta Anoeta izango ditu abiapuntu eta helmuga zerbitzu berriak. Anoeta ingurua hautatu dute, "linearen intermodalitate izaera indartzeko", hartara, "erabiltzaileek Topoarekin modu eroso eta azkarrean egin ahal izango baitute trukea eta Errekaldetik eta Bugatitik igarotzea, "bertan Euskotren eta Lurraldebuseko hainbat linea gelditzen baitira, hurrenez hurren".

Urtebetez probaldi fasean mantendu asmo dute linea berria, "zerbitzua probatu eta ebaluatzeko eta baita ere erabiltzaileen beharretara egokitzeko". Ildo horretan, Dominguezek nabarmendu duenez, "berriro ere pertsonen beharretara egokitutako eta erabilgarria den garraio publikoaren aldeko apustua egiten dugu, lanera edo Zubietako kirol-eremura joateko desplazamenduak errazteko".