2. Errebote Eguna iragarri dute, 63. Enrike Abril txapelketa jokoan den honetan

Noaua Aldizkaria

Urriko lehen asteburuan ospatuko da, errebotea ezagutarazteko ekitaldien zikloa. Iaz bezala, Enrike Abril txapelketa jokoan dela egingo da.

Gehienok erreboteaz zer ikasia badugulako, "jokoa gertutik ezagutu, ulertu eta partekatzea" xede duen ekimena antolatu du bigarren urtez segidan, Zubieta Pilota Elkarteak: 2. Errebote Eguna hain zuzen. "Iazko harreraren ondoren, bigarren urtez, bi eguneko egitaraua izango dugu joko hauen inguruan: partidak, erakustaldiak, jolasteko aukera, bideo-emanaldia eta solasaldia", 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren agendan jasoa dagoenez.

Aipatu moduan, izaera didaktiko argia izango du ekimenen zikloak eta parte hartzailea izango da. "Gazteek Joko Garbian aritzeko aukera izango dute, eta igandeko errebote partida ikusten den bitartean, jokoaren nondik norakoak azalduko dira", iragarri dute.


Iaz egin zen estreinakoz, erreboteari gorazarre egiteko jaialdia. Orduan bezala, aurtengoan ere, 63. Enrike Abril errebote txapelketa jokoan dela egokituko da 2. Errebote Eguna.

Zortzi talde ari dira lehiatzen, erdia gipuzkoarrak dira eta laurdena, zubietarrak. Zubietak bi talde osatu ditu edizio honetan jokatzeko.

Gogoan izan, irailaren 6an jokatu ziren lehen faseko estreinako neurketak. Azkenak hilaren 27an izango dira. Itzuli bakarreko ligaxka izango da. 2. Errebote Eguneko asteburu horretan hain zuzen, bigarren faseko lehen neurketak jokatuko dira, finalerdiak hain zuzen. Edizio honetako finala, urriaren 11rako dute iragarria Villabonako plazan.

Zubietako finalerdietako neurketa ikusi artean, jokoa ezagutzeko azalpenak eskainiko dira.


2. Errebote Eguna
Urriak 3, larunbata
17:00 Gazteen arteko Joko Garbi partidak.
Bukatutakoan, Joko Garbian jostatzeko aukera irekia. Xextoak eta pilotak probatzeko aukera irekia, nork irakatsia ere izango da.
19:30 Afari-merienda, trikitilariek alaituta.
20:30 “ERREBOTEA. Plaza-joko baten muina” Zubietako errebote partida baten testuinguruan, jokoa ulertzeko gako nagusiak biltzen dituen bideoa.
Ondoren, solasaldia, zalantzak argitzeko aukera paregabea.

Urriak 4, igandea
10:30 “Enrike Abril” txapelketako partida. Partida ikusi bitartean jokoari buruzko azalpenak emango dira, ikusleen artean horretan arituko direnen eskutik.

Antolatzailea: Zubieta Pilota Elkartea.


63. Enrike Abril errebote txapelketa
A multzoa:
Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi)
Txost (Oiartzun, Gipuzkoa)
Zubieta 2 (Zubieta, Gipuzkoa)
Goizeko Izarra (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea)

B multzoa
Zubieta 1 (Zubieta, Gipuzkoa)
Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi)
Behar Zana (Amasa-Villabona, Gipuzkoa)
SPUC (Senpere, Lapurdi)

1. jardunaldia
Zubietako plazan: Zubieta 1 9-13 Behar Zana
Villabonako plazan: Kanboarrak 13-11 SPUC
Oiartzungo plazan: Luzean 13-2 Goizeko Izarra

2. jardunaldia
Oiartzungo plazan: Txost 13-7 Zubieta 2
Villabonako plazan: Behar Zana 13-9 Kanboarrak

Irailak 20, igandea
09:00 Zubietako plazan: Zubieta 2-Luzean
10:30 Oiartzungo plazan: Txost-Goizeko Izarra
11:00 Zubietako plazan: Zubieta 1-SPUC

Irailak 27, igandea
09:00 Zubietako plazan: Kanboarrak-Zubieta 1
10:30 Oiartzungo plazan: Luzean-Txost
10:30 Villabonako plazan: SPUC-Behar Zana
11:00 Zubietako plazan: Goizeko Izarra-Zubieta 2