Urte hasieratik haien oinarrizko eskubideen aldeko borrokan dira Zubietako erraustegiko langileak. Azkenekoz, abuztuan irten ziren protestan, lantoki barruan izandako hamargarren sutea, oinarrizko babesik gabe haien bizitza arriskuan jarrita itzaltzen ahalegin behar izan zuten eta. Bederatzi langile artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek.
Asteazken honetan, irailaren 21ean, erraustegian bertan, haren kudeatzaile eta arduradunek egitekoa zuten bilkuraren harira, enegarren mobilizazio eta greba eguna dute beharginok. Eguna argitu aurretik lantoki atarian ziren, enpresaren arduradunei zuzenduriko pankartarekin. Izan ere, bere bidez, "langileak erretzen dituzte" salatu dute. Erraustegiko bilkurara zihoazenei gogorarazi diete halako bitarteko gehiagoren bidez, "gure osasuna zuen aberastasunaren gainetik dago".
Langileek salatu dute beste behin, "ekoizpena eta errentagarritasuna" haien segurtasunaren eta osasunaren gainetik jartzen dutela. Honenbestez, langileok haien bizitza, segurtasuna, osasuna lehenestea galdegiteko eguna dute gaurkoa, beste behin.
Langileen batzordetik gogora ekarri dutenez, abuztuko sutearen ondotik, "SGSk, plantako prebentzio-zerbitzuaz arduratzen den enpresak, egindako txostena ezagutu ostean, Enpresa Batzordeak bere kezka eta haserrea adierazi nahi ditu".
Izan ere, "Segurtasun eta Osasun Batzordearen premiazko bileran, hainbat gabezia agerian geratu ziren. Besteak beste, ez dago behar bezala zehaztutako protokolorik sute baten aurrean nola jokatu jakiteko". Horrez gain, "ez dago argi, halaber, halako sute baten aurrean zer babes-ekipamendu (EPI) erabili behar den, sua nola eta zer materialekin sortu zen, edota arrisku egoera horretan planta hustu behar den ala ez".
Enpresak aurkezturiko txostenak "ez du beharrezko autokritikarik egiten, eta ez ditu jasotzen etorkizunean suteei aurre egiteko protokoloak hobetzeko behar diren neurriak", langileen batzordearen esanetan.
Langileok salatu dutenez, gainera, " GHKk banakako elkarrizketak egin dizkie kea arnasteagatik intoxikatu ziren langileei, eta elkarrizketa horietan EKOBAL enpresako goi-mailako arduradun baten presentzia baimendu du". Horrek " langile kaltetuen adierazpen-askatasuna baldintzatudezake, eta gertatutakoaren inguruan emandako azalpenak baldintzatzeko arriskua sortzen du", langileen batzordearen arabera.
Testuinguru horretan, lan-hitzarmen duinaren alde urte hasieratik abiaturiko borrokan jarraitu asmo dute Zubietako erraustegiko langileek, "gardentasun-falta eta beharrezko autokritikarik eza ikusita". Beste behin, gogora ekarri dutenez, "lan-baldintza bereziak kontuan hartu beharko ditu, baita bertan dauden arrisku toxikoak eta bestelako arriskuak ere, langileen lan-baldintzak eta osasuna behar bezala babesteko".