Urriaren 2an

Alex Telloren "Animo!" proiektatuko dute Zubietan

Noaua Aldizkaria

Zubieta Lantzen elkarteak Alex Telloren "Animo" filma proiektatuko du urriaren 2an, 19:00etan Zubieta Lanbide Eskolan. Tello bertan izango da.

"Animo" izeneko Alex Tello Arostegiren estreinako film luzea proiektatuko du Zubieta Lantzen elkarteak ostiralean, urriaren 2an, arratsaldeko 19:00etan Zubieta Lanbide Eskolako ekitaldien aretoan.

Telloren sorkuntza lanak estreinaldi arrakastatsua izan zuen Sutegin NOAUA! Kultur Elkartearen 2025eko Kulturaldin. Proiekzioa baino astebete lehenagotik sarrerak agortuak zituen estreinako emanaldiak. Ondorioz, Sutegiko auditorioa goraino bete eta gogotik txalotu zuten Telloren sorkuntza lana.

Harrera beroa egin zioten filmari berari baita egileari eta protagonistari ere. Izan ere, 2017an "Azken muxua" izeneko film laburrarekin ekindako proiektuan, Telmo Irureta aktore ezagunaren interpretazioak beste modu batean aurkezten digu inklusioaren gaia.

"Urteetako prozesua izan da"
Sortzailea eta protagonista, Alex Tello eta Telmo Irureta hurrenez hurren, proiekzioan bertan izan ziren, amaieran bertako ikus-entzuleen galderak erantzuten. "Urteetako prozesua izan da", zioen Tellok berak ondutako sorkuntza lanari buruz.

Era berean, ordea, horrek denbora hartzea ahalbidetu zion. "Azkenean, denbora asko izan dut gidoia eraikitzeko, istorioa bide batetik edo bestetik eramateko orduan gauzak finkatzen joan ahala... Niretzat zailtasun handiena denboraren kudeaketa izan da".

"Aske egin dut"
Ibilbide luze hau gogora ekarri zuen baita Iruretak. "Egia da, luze jo du, baina proiektua handitzen joan da eta momentu politak bizi izan ditugu. Etxean bezala aritu gara", Alexen zuzendaritzapean. Bere lehen film luzea zuen Tellok kameraren atzealdean. Lehendik aktore gisa jardun ostean, adierazi zuenez nahiago du antzeztu baina "kamera atzean ere asko gozatzen dut". Filmaren ekoizpenari buruz zioenez, "jolas hau makinatzea asko gustatu zait". Bere sorkuntza ibilbidetik asko hartu ditu sorkuntza lan honetarako.

Lagunartean bideratu zuen Tellok "Animo". Jasotako laguntza horri buruz galdetu zioten Sutegiko ikus-entzuleen artetik. "Lagunen borondatea egon da hor, parte hartzeko prest egon dira. Inplikatu dira, jarri dute haien maitasuna, sinesten zuten filmean".  Horrez gain, egileak berak finantzatu behar izan du filma. "Gastua egon da nire poltsikotik, nahiko genukeena baino gehiago gastatu dut. Baina aske egin dut". 

Hartu bezala agurtu zuen Sutegiko publikoak "Animo", txalo zaparrada artean.

Ostiralean, urriaren 2an, Zubietan ikusi ahalko duzue berriz aipatu filma.

"Animo" filmaren proiekzioa
Eguna: urriak 2, ostirala.
Ordua: 19:00.
Tokia: Zubieta Lanbide Eskola.
Zehaztasunak: "Alex Telloren Animo! filmaren emanaldia, Zubietako Lanbide Heziketan. Zuzendaria bertan izango da".
Sinopsia: "Aitor etsirik eta Leire kezkaturik. Mirenek ez du loturarik. Itxasok badu kanta berririk, aldiz, Amets dabil isilik. Hemen inork ez du barre egiteko motiborik. Bizitzaren aurrean, ihesbideak baino, aukeran hobe heldulekuak izatea".
Nori zuzendua: 12 urtetik gorakoentzat.
Antolatzailea: Zubieta Lantzen.