Nolatan sortu zitzaizuen iaz, Errebote Eguna antolatzeko ideia?
Batez ere, errebotea bizirik dagoela gogorarazteko. Bizitasuna eman nahi diogu joko honi, Zubietan errebotea jokatzeko eskaintza indartu. Gure asmoa, jende gehiago erakartzea da.
Horregatik eman nahi diozue jarraikortasuna asteburu honetako 2. Errebote Egunari?
Gure asmoa, ahal bada, urtero antolatzea da, urtero gogoraraztea jendeari errebotea hor dagoela, bizirik eta beste kirol jardueren antzera, Zubietako herriari eta inguruei eskaintzea.
Zer moduzkoa izan zen errebotera gerturatzeko iazko estreinako edizioa?
Oso polita izan zen. Gogoan dut, eskolako umeek totema aurkeztu eta azaldu zutela. Aberasgarria izan zen baita bakoitzak xextoak hartu eta probatzeko aukera izatea, baita dokumentalaren proiekzioa ere. Euskalduna izan ez eta ikus-entzunezkoa ulertu nahi duenik badenez, azpitituluak erantsiko zaizkio. Bideoak jokoa ulertzeko aukera ematen du.
Erreboteaz ezer ez dakiena nondik hasi daiteke ikasten?
Hasteko, Youtubeko bideoa ikus dezala, Zubieta Pilota Elkartearen kanalean duzue. Gero, plazara etorri. Igandean, errebote partidan jendea azalpenak ematen arituko zaio nahi duenari.
Iaz zerk sortu zuen jakinmin gehien?
Jokaldi gakoak, arraiak. Jokalekuaren bi aldeak ez dira berdinak, bat motzagoa eta bestea luzeagoa da. Beti jokatu nahi da plaza motzean, ez luzean. Horretarako, arraia lortu behar da, eremuz aldatzeko. Hori da beti, zalantza gehien sortzen duena.
63. Enrike Abril errebote txapelketarekin ekin diozue kirol urte berriari. Horren ostean, zer nolako dinamika izaten duzue urtean zehar?
Igandean izango da finalaurrekoa Zubietan. Aurten zortzi talde lehiatu dira, bi multzoetan banatuak. Txapelketa horren ostean, negu partean Yoko Garbi ezker horman jokatzen da maiatza aldera arte. Orduan hasten da, Euskal Herriko Errebote Txapelketa. Gipuzkoako Errebote Txapelketa ere izaten da.
Zer moduzko osasuna du erreboteak Zubietan?
Ezin dugu esan ona denik, mantentzen nahiko lan dugu. Jende askorik ez dugu; hortik dator, Errebote Egunaren garrantzia. Zubietaz gain, Gipuzkoan Villabona eta Oiartzun daude. Haiek ere justu samar dabiltza. Ipar Euskal Herrian osasun hobea du erreboteak baina ikusten da gainbehera. Horrek ere kezka sortzen digu.
Haria etengo balitz, zer galduko luke Zubietak?
Penagarria litzateke. Batez ere, Zubietak bere harribitxia galduko luke, gertu inork ez duena. Zubieta izaten segiko luke, baina beste Zubieta bat izango litzateke.
Nola oroitzen duzu zure gaztaroko errebotedun Zubieta hura?
Gogoan dut, jende gehiago egoten zen. Gogoan dut, Iparraldeko taldeak etortzean zer nolako ospakizun giroa izaten zuten.
Astebururako 2. Errebote Eguna antolatu duzue. Norentzat izan daiteke egokia, errebotera gerturatzeko antolaturiko ekintzen ziklo hau?
Inguruko jendea (zubietarrak, usurbildarrak, lasartearrak, donostiarrak), gertu bizi direnak animatzen ditut, sekula ez dutenak partida bat ikusi. Zalantzak dituenak, gainera, igandeko neurketan azalpenak jasotzeko aukera izango du.
Herri ondarearen parte da errebotea. Donostiako Udalari kultur ondare inmaterial gisa aitortzeko asmoa bada ezta?
Horretan ari gara, federazioak horretan eskaini du bere parte hartzea. Ez diogu heldu oraindik gaiari tinkotasunez. Baztanen (Nafarroa), adibidez, laxoa jokoarekin hori egin dute. Gutxienez aitortza bat da. Guk ere Gipuzkoa mailan hori lortzea nahi dugu.
2. Errebote Eguna
Urriak 3, larunbata
17:00 Gazteen arteko Joko Garbi partidak.
Bukatutakoan, Joko Garbian jostatzeko aukera irekia. Xextoak eta pilotak probatzeko aukera irekia, nork irakatsia ere izango da.
19:30 Afari-merienda, trikitilariek alaituta.
20:30 “ERREBOTEA. Plaza-joko baten muina” Zubietako errebote partida baten testuinguruan, jokoa ulertzeko gako nagusiak biltzen dituen bideoa.
Ondoren, solasaldia, zalantzak argitzeko aukera paregabea.
Urriak 4, igandea
10:30 “Enrike Abril” txapelketako partida. Partida ikusi bitartean jokoari buruzko azalpenak emango dira, ikusleen artean horretan arituko direnen eskutik.
Antolatzailea: Zubieta Pilota Elkartea.