"Animo" izeneko Alex Tello Arostegiren estreinako film luzea proiektatuko du Zubieta Lantzen elkarteak ostiral honetan, urriaren 2an, arratsaldeko 19:00etan Zubieta Lanbide Eskolako ekitaldien aretoan.
Telloren sorkuntza lanak estreinaldi arrakastatsua izan zuen Sutegin NOAUA! Kultur Elkartearen 2025eko Kulturaldin. Proiekzioa baino astebete lehenagotik sarrerak agortuak zituen estreinako emanaldiak. Ondorioz, Sutegiko auditorioa goraino bete eta gogotik txalotu zuten Telloren sorkuntza lana.
Harrera beroa egin zioten filmari berari baita egileari eta protagonistari ere. Izan ere, 2017an "Azken muxua" izeneko film laburrarekin ekindako proiektuan, Telmo Irureta aktore ezagunaren interpretazioak beste modu batean aurkezten digu inklusioaren gaia.
"Urteetako prozesua izan da"
Sortzailea eta protagonista, Alex Tello eta Telmo Irureta hurrenez hurren, proiekzioan bertan izan ziren, amaieran bertako ikus-entzuleen galderak erantzuten. "Urteetako prozesua izan da", zioen Tellok berak ondutako sorkuntza lanari buruz.
Era berean, ordea, horrek denbora hartzea ahalbidetu zion. "Azkenean, denbora asko izan dut gidoia eraikitzeko, istorioa bide batetik edo bestetik eramateko orduan gauzak finkatzen joan ahala... Niretzat zailtasun handiena denboraren kudeaketa izan da".
"Aske egin dut"
Ibilbide luze hau gogora ekarri zuen baita Iruretak. "Egia da, luze jo du, baina proiektua handitzen joan da eta momentu politak bizi izan ditugu. Etxean bezala aritu gara", Alexen zuzendaritzapean. Bere lehen film luzea zuen Tellok kameraren atzealdean. Lehendik aktore gisa jardun ostean, adierazi zuenez nahiago du antzeztu baina "kamera atzean ere asko gozatzen dut". Filmaren ekoizpenari buruz zioenez, "jolas hau makinatzea asko gustatu zait". Bere sorkuntza ibilbidetik asko hartu ditu sorkuntza lan honetarako.
Lagunartean bideratu zuen Tellok "Animo". Jasotako laguntza horri buruz galdetu zioten Sutegiko ikus-entzuleen artetik. "Lagunen borondatea egon da hor, parte hartzeko prest egon dira. Inplikatu dira, jarri dute haien maitasuna, sinesten zuten filmean". Horrez gain, egileak berak finantzatu behar izan du filma. "Gastua egon da nire poltsikotik, nahiko genukeena baino gehiago gastatu dut. Baina aske egin dut".
Hartu bezala agurtu zuen Sutegiko publikoak "Animo", txalo zaparrada artean.
Ostiralean, urriaren 2an, Zubietan ikusi ahalko duzue berriz aipatu filma.
Nolatan iritsi da "Animo" filmaren proiekzioa Zubieta Lanbide Eskolara?
Alex Tello: Zubieta Lantzen elkartearen bidez. Usurbilgo estreinaldian jende asko kanpoan geratu zen. Herritar batzuk filma ikusteko gogoz geratu ziren. Orain, Zubietan programatzea lortu dute. Oso eskertua nago horregatik.
Nola oroitzen duzu NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiko Sutegiko estreinaldi egun hura?
2025eko otsailean izan zen lehen proiekzioa. Oso oroitzapen ona dut Sutegiko emanaldi hartaz. Kanpotik jendea etorri zen. Zortzi urteko lana eta gero, badakit zer egin dudan, badakit filmaren puntu ahulak eta indartsuak zeintzuk diren. Kontziente naiz, egile-zinemari lotutako proiektua dela. Koktel modukoa da, denetarik du. Denen gustuko elementuak ditu. Proiektu pertsonala denez, badakit filmak funtzionatzen duela. Gutxi mugitu da, baina zine munduko jendearen aldetik, kritika nahiko baikorrak jaso ditut. Oso gogoan dut, nola haietako batek esan zuen, filma sostengatzen dela. Filmak badira puxikak bezala husten doazenak; kasu honetan, mantendu egiten da eta ez da gutxi.
Hasieratik argi zenuen Telmo Iruretak proiektu honetan parte hartu behar zuela.
Bere neurrira egindako filma da. Prozesuaren hasieratik bukaerara, Telmoren bilakaera ikaragarria izan zen. Hasi ginenean, antzerkitxoak egiten zituen. Azken grabaketa Aginagan egin genuen eta hurrengo asteburuan, Madrilen Goya saria eman zioten. Espainian, aurten, bi filmetan parte hartzen ari da. Filmean berak maite duen jende asko dago. Lan hau, ikuspegi horretatik ere dokumentu oso polita da.
Zer ikusiko dute, beraz, Zubietako proiekziora doazenek?
%90ean Usurbilen grabatua dagoen filma da. Niretzat interesgarria da, filmaren ondorengo solasaldia. Tarte horretako esperientzia partekatu horrek beste dimentsio bat hartzen du niretzat. Beraz, Zubieta Lanbide Eskolan, film polit bat ikusteko aukera izango dute, sareetan ikusteko modurik une honetan ez dagoena. Ez dago plataformetan. Nik dut filmaren kontrola gaurkoz. Filma ikusi nahi duenak, soilik, Zubietako aukera izango du. Aurrerago, azaroan, Irunen proiektatuko da, Lakaxita gaztetxean.
Zer esan nahi du zuretzat filmaren kontrola izateak?
Niretzat balioa du horrek. Hori zaintzen ari naiz. Esan izan didate, utziozu bere bidea egiten, jendeak gozatuko du edo ez. Momentuz, ordea, niretzat lan berezia da eta babesten ari naiz. Plataformetan erraz askatzen badut, balioa galduko du. Dokumentua beti izango da dena, baina hor dago zortzi urteko lana, nire sosak, nire sorkuntza. Babesteko beharra sentitzen dut. Garrantzitsuena sorkuntza prozesua da eta gehien horretan gozatzen da. Horregatik, ez dut inongo presarik. Artista emergente bat naiz eta horrekin jokatzen dut.
Beste proiektu berriren bat abiatzeko bidea zabaldu dizu esperientzia horrek?
Bai, beste egitasmo batekin hasi nintzen, filmak sortzea gustuko baitut. Halere, orain, beste proiektu batekin nago. Ez dakit gauzatuko dudan edo ez. Gogoa badut, ideia ere bai. Agertokira begirakoa da, ez da ikus-entzunezko lan bat.
Zer eman dizu kamera atzean lan egiteak?
Polita da. Azkenean, orkestra on baten zuzendaria izatearekin asko gozatu dut. Proiektu potoloa izan da. Gustatu zait aukera hori izatea eta horrekin jokatzea. Bizitzako erronkak dira. Ikuspuntu askotatik, oso proiektu hauskorra izan arren, lortu nuen gauzatzea eta gustura nago. Aurrekoan, grabaketa bateko argazkiak ikusi nituen eta hor ikusten naiz nola nagoen Telmorekin, Joxe Ramon Soroizekin... Irudi polita da, gustuko dut.
"Animo" filmaren proiekzioa
Eguna: urriak 2, ostirala.
Ordua: 19:00.
Tokia: Zubieta Lanbide Eskola.
Zehaztasunak: "Alex Telloren Animo! filmaren emanaldia, Zubietako Lanbide Heziketan. Zuzendaria bertan izango da".
Sinopsia: "Aitor etsirik eta Leire kezkaturik. Mirenek ez du loturarik. Itxasok badu kanta berririk, aldiz, Amets dabil isilik. Hemen inork ez du barre egiteko motiborik. Bizitzaren aurrean, ihesbideak baino, aukeran hobe heldulekuak izatea".
Nori zuzendua: 12 urtetik gorakoentzat.
Antolatzailea: Zubieta Lantzen.