Edorta Agirre Alonso zendu da

Noaua Aldizkaria

Urriaren 15ean 77 urte betetzear zituela zendu da, Edorta Agirre Alonso zubietarra. Sortzez donostiarra zen (1949an jaiotakoa), urte luzez Zubietan bizi izandako idazle, itzultzaile eta elikadura alorreko kazetaria zen.

Hilbeila asteburuan zehar izango da, Errekaldeko Memora tanatorioko zortzigarren aretoan, larunbat goizeko 10:00etan hasi eta igande goizeko 10:30ak arte.

Sukaldaritza gaien dibulgatzaile sutsua izan zen. Alor horretako hainbat lan plazaratu zituen, bere ibilbide oparoan zehar euskaraz, hizkuntza hau gogotik sustatzen aritu baitzen eremu horretan. Bere azkenetako lana, 2022. urtekoa da, "Amantala eta mantela" izenekoa. Aurretik, beste hainbat landu eta kaleratu zituen; "Baietz okerreko bidea aukeratu! Ehuntxo apustu jan-edanaren panoramaz" (2010, Alberdania), "Euskal sukaldaritzaren antropologia" (Gaiak, 2004), "Bakailaoa" (2003), "Almanaka 2003" (2002, Pamiela), "Sukaldaritzarako hastapenak" (1983, Elkar)...

Aipatzekoa, bere argitalpenen artean, 2001. urtean Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldekoen eskutik argitaraturiko "Sagardoa platerean" izenekoa.

Horrez gain, hainbat lan itzuli zituen, aipatu moduan saiakerak eta baita hiztegiak landu ere.

2001-04 artean UEUko Sukaldaritza Sailean jardun zuen irakasle eta koordinatzaile moduan, alor horretan euskara lau haizeetara hedatzen.

Euskaltzale sutsua
Hainbat hedabideetan hamaika kolaborazio lan egin zituen sukaldaritzaz, errezetez; Euskaldunon Egunkarian, Berrian, Argian. Hedabide honetan ere, NOAUA! herri aldizkarian kolaboratu zuen. Astekari honetan azkenekoz, elkarrizketatu gisa agertu zen duela lau urte, 2022ko urrian, urte hartan argitara emandako Pamiela argitaletxearen "Amantala ta mantela" izeneko bere sorkuntza lanaren harira. Segidan duzue elkarrizketa hark emandakoa.

Bere lan hainbat eskuratzeko aukera izan da azken urteotan, besteak beste, herri sorkuntza oparitu izan duen 650 Usurbil Bizi Otarren egitamoaren bidez.

Bere bizi ibilbidearen amaierara arte, euskara gogotik sustaturikoa da. 2023an, "Euskarazko Wikipedia elikadura-gaietan sendotzeko boluntario modura hasi zen". Herrikide batek gogorarazi nahi izan digun moduan, gainera, "Usurbilen, Orion eta Donostian ere euskara irakasten ibilitakoa" izan zen.

Bizipen bidegabe eta latzik izatea egokitu zitzaion Agirreri. Aipatu herrikideak gogorarazi digun moduan, errepresioa gertutik bizitako herrikidea izan zen. Izan ere, Espainiako Poliziak 1987ko urriaren 14an atxilotu zuten Zubietan. Torturak eta tratu txarrak pairatu zituela salatu zuen inkomunikazio aldian. Epailearen aurretik igaro ondoren, kargurik gabe eta aske geratu zen.