2. Errebote Eguna

Erreboteari buruzko ezagutza proiekzio bidez ere jaso dute

Noaua Aldizkaria

Iaz estreinaturiko "Errebotea. Plaza-joko baten muina" ikus-entzunezkoa proiektatu dute Zubietako 2. Errebote Egunean ere, jarduera hau eta haren bueltako kultura hedatzen segitzeko. Solasaldirako tartean, argibide gehiago jasotzeko aukera izan da.

Iaz estreinatu arren, ez da soilik behin ikustekoa. Merezi du behin eta berriz ikusteak, are gehiago, ikasteko bada. "Errebotea. Plaza-joko baten muina" izeneko ikus-entzunezkoa proiektatu du bart Zubieta Pilota Elkarteak. Errebote plazan eskaintzekoa zuten duela urtebete bezalaxe, baina eguraldi iragarpena tarteko, azkenean, badaezpada frontoian egitea erabaki zuten.

Zubietarrek auzolanean landutako ikus-entzunezko dokumentua izan zen larunbat iluntzean proiektaturikoa, albiste honi atxikitakoa hain zuzen. Emanaldiaren ostean, ekarpenak egin, nahiz galderak edota zalantzak argitzeko aukera eskaini zuten antolatzaileek.

Eskertza
"Bideo hau grabatu da zubietarron artean, herri-lan bat izan da auzotarron artean egindakoa", aurkezpen ekitaldian Zubieta Pilota Elkarteko kide Xabier Arregik zioen moduan. Bere esanetan, "helburua izan genuen, erreboteak dituen berezitasunak, jokoak duen esanahia, zentzua, bideo baten bidez azaltzea". Aipatu moduan, behin baino gehiagotan ikustea gomendatu zuen. "Bideo didaktikoa delako, behin baino gehiagotan ikusi beharrekoa da, baldin eta errebotea ondo ulertu nahi badugu". Bigarren aldiz eskaini dute bart, baina ez dute baztertzen, urtebete barru berriz proiektatzea.

Beste behin, eskerrak helarazi nahi izan zizkien Zubieta Pilota Elkarteak ikus-entzunezko horren ekozpenean parte harturikoei; modu berezian oroitu eta txalotu nahi izan zuten, besteak beste, asteburu honetan bertan zendutako Edorta Agirre Alonso, kazetari, itzultzaile edota euskara irakaslea.

Azpitituluekin
Baikortasunez baloratu du aipatu pilota elkarteak bideoak izandako harrera. Iaz ikusi zutenek errebotea "gertuago sentitzen dutela" jakinarazi ziete egileei, "gutxienez, baduzuela zentzu bat jokoa nolakoa den". Horrekin batera, Arregik gaineratu zuenez, "errebotearen komunitatean oso ondo hartu da" aipatu ikus-entzunezkoa.

Aipatu sorkuntza lana iazkoa izan arren, nobedade bat iragarri dute egileek. Izan ere, "joan den urtean eskatu ziguten ea posible ote zen beste hizkuntzetan azpititulatzea, hor esaten direnak gaztelaniaz, frantsesez edota beste hizkuntzaren batean ulertzeko. Horretan ari gara", jakinarazi zuten.