2. Errebote Eguna

63. Enrike Abril txapelketa finalerdi berezia jokatu dute, zuzeneko azalpenekin

Noaua Aldizkaria

63. Enrike Abril errebote txapelketako finalerdia jokatu da igande goiz honetan Zubietan. Neurketa berezia izan da. Bertaratu direnek erreboteaz ikasteko aukera izan dute, Zubieta Pilota Elkarteko kideen eskutik. 2. Errebote Eguna borobiltzeko hitzordua izan da.

Amaitzear da, 63. Enrike Abril errebote txapelketa. Eguraldiak eragozten ez badu behintzat, astebete barru, hilaren 11n jokatuko da final nagusia Villabonan. Amaiera horren aurretik, igande honetarako, hilaren 4rako zeuden iragarriak azkeneko bi partidak, finalaurreko bi saioak. Neurketa hauetako bat Zubietan jokatu da. Donibane Lohitzuneko (Lapurdi) Luzean eta Kanboko Kanboarrak (Lapurdi) lehiatu dira, biak ala biak herrialde berekoak honenbestez.

Azken orduotako euria tarteko, aurreikusia baino zertxobait geroxeago hasi behar izan dute neurketa. Behin hasita, ordea, normaltasun osoz jokatu dute partida. Zubietarrik ez zen fase horretan, bertan osaturiko bi lehiakide taldeak sailkatu ezinik geratu dira eta.

Azalpendun neurketa
Halere, berezia izan da neurketa hau. Izan ere, Zubieta Pilota Elkarteak atzo abiarazitako 2. Errebote Egunaren baitan txertatua zuen. Errebotea biziberritu, ezagutzera eman eta zaletuak erakarri asmoz antolaturiko hitzorduen artean, gaurko neurketa baliatu nahi izan dute iazko estreinako edizioan egin bezalaxe, pedagogia lana egiteko.

Igande goiz honetan errebote plazara joandakoei aurrean zuten neurketa baliatuta, zuzeneko azalpenak ematen aritu zaizkie Zubieta Pilota Elkarteko kideak. Errebotea ezagutarazten, aurkezten eta bertaraturikoen galderak eta zalantzak argitzen aritu dira.