Nola ikusten duzu zeure burua txapelketaren atarian?
Egia da, Gipuzkoako Txapelketatik Euskal Herrikora jauzia nabari dagoela zabalkundean. Beste dimentsio bat hartzen du. Prest banago nire posibilitateen barruan baina aurreko ediziotik hona irrika pixka bat galdu dut. Lau urte pasa dira, bi alaba izan ditut tartean. Bertsotan hasi nintzenean, gauza asko neuzkan helburu bezala; tartean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan noizbait kantatzea. Kontuan hartuta Gipuzkoatik hamasei bertsolari sailkatzen direla, egia esan, beste askori bezala asko kosta zaigu horraino iristea. Nire kasuan, adibidez, Gipuzkoako Txapelketan lortu nuen sailkatzeko txartela. Duela lau urte, asko prestatu nuen neure burua eta nire inguruan jende asko zegoen lehenengo aldia zuena Euskal Herriko txapelketan. Egun, 35 urte ditut, nire inguruan ez dago txapelketan parte hartzeko aukerarekin, betikoak izandako hainbeste bertsolagun. Ohartzen hasten zara urteak pasa egiten direla. Nire kasuan, txapelketan ateratzeko ibilbidearen bukaera aldean nagoela garbi ikusten dut. Ez dakit azkeneko txapelketa izango ote dudan, baina azkenetakoa behintzat bai. Ez dut pretentsio handirik, baina animatua nago.
Balizko amaiera horrek datorren txapelketari beste lasaitasun batekin aurre egiten lagunduko dizu?
Horixe nahi nuke. Azkeneko lauzpabost urteetako saio garrantzitsuetan, ez dakit zergatik baina ez dut ondo pasa. Gipuzkoako Txapelketan, adibidez, final zortzirenetan eta final laurdenetan ondo, baina, gero, finalerdietan ez dut nire burua ondo kontrolatu egoera horietan. Nahi nuke hori behintzat; egiten dudan hori erakutsi eta kito. Gero, sailkatzea zaila da. 42 bertsolari gaude eta 17 sailkatzen dira. Horrek esan nahi du 25 ez direla sailkatzen. Oso probablea da, ni neure saioarekin gustura geratzea eta halere, galbahea ez gainditzea. Horregatik, horixe nahi nuke, ni neurearekin nahiko gustura geratu eta, gero, datorrena etor dadila.
Euskara ito nahi duten garaiko txapelketa izango dela diote antolatzaileek. Ideia horrekin bat zatoz?
Erabat. Bertsozale bezala, ez naiz bereziki txapelketako bertso moldearen zalea. Lehiaketan izena ematen dut eta azkenean, molde horretan sartzen naiz. Halere, uste dut, gaur egun txapelketak bertsogintzari egin dion ekarpen nagusia da, saio asko egiten direla. Saio bakoitzean jende asko biltzen da, finalerdietan 2.000-3.000 pertsona, finalerako sarrera guztiak saltzen dira. Azkenean, txapelketa doan tokian, arnasgunea sortzen da, euskaldunak elkartzeko toki bat da. Zazpi probintziatan izango ditugu saioak lehen fasean. Horregatik, egun, txapelketari ikusten diodan funtzio nagusia horixe da, arnasgune asko sortzen dituela zazpi lurraldeetan. Halere, bertsozale bezala nahiago dut, askoz formatu txikiagoko saio bat entzun. Izan ere, txapelketa ondoren sumatzen da plazetan jende gehixeago. Baina bertsolariak eta bertsozaleak sortzeko herriko taldeek antolatu behar dituzte saioak eta bertso-eskolek antolatuak egon behar dute.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria izaten segitzen duzu? Aldaketarik izan da elkarte horretan?
Martxoan egin genuen kargu aldaketa. Sei urte egin nituen lehendakari gisa. Erreleboa behar genuen. Eneritz Artetxe da lehendakaria orain.
Txapelketari begira, Gipuzkoak zer nolako bertsolari belaunaldia duela esango zenuke?
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak duen proiektu nagusia eskoletako saioak dira, Usurbilen egiten duten moduan. Kosta egiten da, horko ikasleak bertso-eskolara ekartzea. Halere, Gipuzkoatik doazen bertsolariak maila ona ematen ari dira. Hor gazte belaunaldi bat badago indar dezenterekin iritsi dena. Ea zortea izan eta haien bidea egiten duten.
Aurreko neguan, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan parte hartu zenuen Zubietako taldearekin. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso gustura geratu ginen. Zubietan saio bat egin genuen eta gero, beste bat Xoxokan. Beste eskala bateko bertsolaritza da. Egia esan, ni beti erosoago hor mugitu izan naiz. Antolatu gabe gauzak egiteko ohitura galtzen ari gara. Jende askok kantatu izan du antolatu gabeko tokietan. Eta horren falta pixka bat sumatzen dut. Bertsolaritza egunerokotasunera ekarri behar da, kantua, musika jotzea edo dantza ekarri behar den bezala.
Bide horretan lagungarriak izango dira noski, bertso-eskolak?
Lehen bertsolariak aterako ziren tabernatik, bertso-eskolatik ateratzen dira egun. Bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak ateratzeko bertso-eskola da epizentroa. Gero, egia da, bertso-eskolen inguruan zenbat eta euskaldun masa handiagoa izan, horrek dudarik gabe lagundu egiten du. Dudak baditut, bertsolaritzak hurrengo hamarkadetan zer bide hartuko duen. Ikusten dut, euskara hutsez bizi den jendearen masa jaisten ari dela, jende gehiago dagoela bi hizkuntzetan bizi dena, komunitatea ez dago oso trinkotua. Bertsolaritza euskal komunitateari lotua dago zuzenean.
Ahozkotasunaren erabilera egokia auzitan jarria den garaiotan, bertsolaritzak egiteko garrantzitsua du gai horretan ere ezta?
Bertsolaritza ahozko jardun bat da. Txapelketak asko erakartzen ez nauen kontu hori horregatik da. Txapelketan ez dakit bertsolaritza ahozkotasunetik urrutiratzen den, baina egia da idatzizko logika gehiago segitzen duela. Bertsolaritzak ahozkotasunari lotuta joan behar du, funtzio garrantzitsua duela dudarik ez.
Igandean izango duzu txapelketako lehen saioa, urriaren 11n Agurainen.
Kide denak ezagutzen ditut. Saio polita izango dela iruditzen zait. Ea arratsalde polit bat pasatzen dugun. Jendea animatuko nuke finalaren aurreko saioetara ere joatera. Bertsoaz goza dezala.