Igande honetako, urriaren 11ko Aguraingo saioa zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak hitzordu mugarria, fase artekoa, lehen fasearen amaierakoa hain zuzen.
Irailaren 19an Hazparnen hasitako lehiaren baitan, atzoko saioan parte hartu zuen Asier Azpiroz Iztueta zubietarrak. Saio berean lehiakide izan zituen Agin Laburu Rezola, Aissa Intxausti Aburruza, Gorka Pagonabarraga Agorria, Irantzu Idoate Funosas eta Nerea Elustondo Plazaola. Irati Martinez Izaga aritu zen gai-jartzaile lanetan.
Nerea Elustondo Plazaolak jaso zituen puntu gehien. Honenbestez, hurrengo faserako, finalaurreko lehen itzulirako zuzenean sailkatu zen. Eibarren kantatuko du berriz urriaren 31n. Bertan izango da baita, Asier Azpiroz Iztueta ere. Puntu gehien jasotako hirugarren lehiakidea izan zen atzo Agurainen.
Aguraingo saioko puntuazioa
Nerea Elustondo Plazaola: 695,5.
Gorka Pagonabarraga Agorria: 663.
Asier Azpiroz Iztueta: 661.
Agin Laburu Rezola: 660,5.
Aissa Intxausti Aburruza: 639,5.
Irantzu Idoate Funosas: 605,5.
Eibarren, hurrengo saioa
Gogoan izan, 42 izan dira lehiaketa horren lehen fasean parte harturiko bertsolariak irailaren 19an hasi eta urriaren 11ra arte. Haietatik hamazazpi igaroko dira, ondorengo finalaurrekoen fasera (urriaren 24tik abenduaren 5era). Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak argitaraturiko sailkapen orokorraren arabera, Asier Azpiroz Iztueta hamabosgarren postuan da igande honetako, Aguraingo saioaren ostean. Honenbestez, hurrengo fasera igaro da zubietarra. Berarekin batera lehiatuko dira finalaurrekoetara igarotako beste hamasei bertsolari: Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddi Ane Txoperena, Saioa Alkaiza, Julio Soto, Ane Labaka, Aner Peritz, Maddalen Arzallus, Xabat Illarregi, Aitor Bizkarra, Oihana Iguaran, Oier Etxeberria, Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga, Agin Laburu eta Andoni Rekondo. Haiekin ariko dira bertsotan 2022ko edizioko finalistak.
Azpiroz zubietarra urriaren 31n Eibarren arituko da bertsotan berriz, arratsaldeko 17:00etan Ipurua kiroldegian. Aipatu moduan, Nerea Elustondo Plazaola izango du lehiakide bigarrenez. Haiekin batera lehiatuko dira Alaia Martin Etxebeste, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Oihana Iguaran Barandiaran. Igotz Alkorta Irastorzak aurkeztuko duen saio horretarako sarrerak, fase horretako gainerakoetarako bezalaxe, salgai dituzue bertsosarrerak.eus atarian. ETB1 ON kateak zuzenean eskainiko du saio hau eta gainerako finalaurrekoak ere bai.
Final nagusia, abenduaren 20an Iruñean izango da. Zortzi bertsolari lehiatuko dira Iruñeako final nagusian. Aurreko edizioko irabazle Maialen Lujanbio Zugastik du ziurtatua plaza bakarra. Gainerako zazpi lehiakideak nortzuk izango diren udazkenean erabakiko da.