Zubietako erraustegia

Erraustegira bisita antolatzea erabaki dute Batzar Nagusietan

Noaua Aldizkaria

Zubietako erraustegira bisita antolatzea eskatu du gaur PP-k Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aho batez onartu du erakunde horretako Jasangarritasun Batzordeak asteazken honetan, urriaren 21ean eginiko bilkuran.

Zubietako erraustegia izan dute hizpide Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeak eginiko bilkuran, asteazken honetan, urriaren 21ean. Ahotan hartzekoak zituzten hizpideetan azkena, Zubietako erraustegia izan dute. Izan ere, PP alderdiak instalakuntza horretara bisita antolatzeko eskaera egin du. Ez da lehen aldia, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eragile politikoren batek Zubietako erraustegia bisitatzea galdegin duena.

PP-k aurrez jakinarazia zuen moduan, "eskatzen dugu Jasangarritasun Batzordeko kideen bisita bat antolatu dezatela, instalazioaren funtzionamendua ezagutzeko, eta informazio teknikoa jasotzeko hondakinen kudeaketari buruz, tratamendu- eta balorizazio-prozesuei buruz, ingurumenaren kontrol- eta jarraipen-sistemei buruz eta aplikatu beharreko araudia betetzen dela bermatzeko hartutako neurriei buruz".

Eskaera hori berretsi du gaurko Jasangarritasun Batzordearen bilkuran, talde popularreko bozeramaile Iñigo Manriquek. Eskaera horren harira, gainerako batzarkideen taldeei hitza hartzeko aukera eman zaie. Inork adierazpenik egin ez duenez, segidan bozketara igaro dira. Aho batez onartu dute Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean, Zubietako erraustegira bisita antolatzea.

Bozkatu ostean, bisita horren hitzordua zehaztekotan geratu dira ordezkari politikoak.

Helbide honetan ikus dezakezue, Jasangarritasun Batzordearen gaurko bilkura osorik: bngipuzkoa.eus