Ofizialki onartu du Eusko Jaurlaritzak, Zubieta Lanbide Eskola izendapena

Noaua Aldizkaria

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ofizialki inskribatu du, Zubietako ikastetxeak iaz aurkezturiko izendapen berria.

Pasa den Usurbilgo jaiei hasiera ofiziala eman zien Usurbil F.T.-rekin batera Zubieta Lanbide Eskolak, 50 urte bete ostean. Mende erdiko ospakizunen ikasturtea borobildu zuten hitzordu horrekin. Urtebete lehenago hasi zuten, aldiz, zikloa, 2025eko ekainean. Hasteko, Usurbilgo udalbatzak ikastetxearen mende erdiari lotutako adierazpena onartu zuen eta egun gutxi geroago, mende erdi honen ibilbidea eta etorkizuneko erronkei tartea eginiko hitzordu instituzionala egin zuten Zubietako instalakuntzetan. 50 urteon ospakizun zikloaren abiapuntua izan zen.

Ekitaldi hartan, ordura arte, Usurbilgo Lanbide Eskola izenez ezagutzen genuen ikastetxearen izendapena aldatzera, berritzera zihoazela jakinarazi zuten. Irudi eta izen berriarekin ekin zion eskolak, urtemuga ikasturteari. Zubieta Lanbide Eskola izena du ordutik.

Izan ere, egungo ikastetxeko zuzendari Isidro Zalduak gogorarazi zuenez, "Zubietan gaude". Zubietak urarekin duen lot-ra edota auzoez osatua izanik herri gisa duen mendeetako historia irudikatu nahi izan dute marka berrituarekin, baita "beti etortzen dena jasotzeko prest" den ikastetxea dela. "Zubieta Lanbide Esk-lak gizartearen etorkizuneko beharrei aurre hartzen joan nahi du eta horretarako, bidelagun izatea nahi genituzke" Zalduaren esanetan, enpresa edota erakundeak. "Zubieta herriak eta eskualdeak duen ikastetxeaz harro izatea nahi dugu".

"EAEko Unibertsitateaz Kanpoko Ikastetxeen Erregistroan" inskribatua
Egun hartan aurkeztu zuten, irudia eta izendapen berria. Eusko Jaurlaritzak aldaketa hori orain onartu du ofizialki. Ekitaldi hartan egondako Eusko Jaurlaritzaren sailburu Begoña Pedrosak sinatutako urriaren 5eko aginduak onartzen du "Usurbilgo (Gipuzkoa) «Usurbil» Lanbide Heziketako Ikastetxe Publiko Integratuaren izen espezifikoa aldatzea".

Agindu horren xehetasunen berri dakar, iragan ostiraleko, urriaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak.

Onarpen prozesuaren nondik norakoen berri eman zuen aipatu hedabidearen bidez, hezkuntza sailburuak. "Usurbilgo (Gipuzkoa) «Usurbil» Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren izen espezifikoa aldatzeko eskabidea aztertu da. Eskaera hori ikastetxeko Gizarte Kontseiluak eta Klaustroak onartu zuten 2026ko ekainaren 10ean. Era berean, Usurbilgo Udalaren 2025eko abenduaren 16ko ziurtagiriak adierazten du ez dagoela izen berria hartzeko eragozpenik".

Ordutik hona, "espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarrean dagoen araudiak eskatutako dokumentazioa erantsi zaio, eta Hezkuntzako Ikuskaritza eskudunak aldeko txostena eman du".

Honenbestez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ebatzi du "Usurbilgo (Gipuzkoa) «Usurbil» Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren izen espezifikoa aldatzea onartzea (aurrerantzean, «Zubieta Lanbide Eskola» izango da), eta 2026-2027 ikasturtetik aurrera EAEko Unibertsitateaz Kanpoko Ikastetxeen Erregistroan" inskribatua geratuko dela jakinarazi dute. Izen generikoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izango du; izen espezifikoa, aldiz, aipatu moduan, Zubieta Lanbide Eskola.