"Herrimamituz" Zubietan giroturiko bertso-saioa azaroaren 13an

Noaua Aldizkaria

2023ko otsailean Aginagan egin bezalaxe, Zubietaren txanda orain. Zubieta Lantzen elkarteak "Herrimamituz" bertso-saio berezia antolatu du hurrengo ostiralean, azaroaren 13an 19:00etan Zubietako elizan. Andoni Egaña Makazaga eta Iñigo Mantzizidor Larrañaga "Mantxi" bertsolariek eta Xabier Alberdi Lonbide historialariak parte hartuko dute hitzorduan.

Zerri buruzkoa da "Herrimamituz"?
Covid garaian sortu genuen proiektua da. Xabier Alberdiri elkarrizketa batean aditu nion, orain dela 500 urte beste izurrite bat izan zela, eta izurrite horren ondorioz, Zarauzko herriak biztanleria asko galdu zuela. Hainbesteko biztanleria galdu zuen, udal izaera ere galdu zuela, eta hiruzpalau urtez Getariako auzoa izan zen. Nik historia hori ez nuen sekula entzun, eta Alberdiri galdetu nion ea horrelako pasarte gehiago zituen. Baiezkoa esan zidan, eta saio bat egitea proposatu nion, non hark istorioak kontatzen zituen, gero guri gai gisa balioko zigutenak bertsoetarako. Andoni Egañarekin hitz egin nuen. Prest azaldu zen. Ideia gustatu zitzaion berari eta hor gabiltza hirurok saioak eskaintzen. Deitzen gaituzten herrietako historia kontatzen dugu, eta kasu honetan, Zubietako zazpi edo zortzi pasarte izango dira, eta kronologikoki ordenatuak, antzinatik gaur egunera arte.

Esan daiteke Xabier Alberdi saioko gai-jartzailea dela?
Bai. Kontua da, Zubietan gertatutako pasarteak izanik, dauden bezala jasotzea. Gero, Andoni Egaña eta ni deitzen gaitu, eta Alberdik kontatu duen horri gehigarri bat eransten diogu bertsotan. Batzuetan, guk asmatu eta gertatu ez zen zerbait bertsoetan kontatzen dugu, bai fikziotik, baita umoretik ere. Xabierrek jasota dauden benetako zortzi pasarte kontatzen ditu, eta gero, guri pertsonaia pare baten rolean jartzen gaitu.

Nola antolatzen dituzue saioak; zuek deitzen duzue herrietara edo alderantziz izaten da?
Lekuetatik deitu izan gaituzte, eta beste batzuetan, Zubietaren kasuan, bertako herri jaietan bertsotan izan ginen eta "Herrimamituz" zer zen azaldu genien. Harremana dugunez bertso eskolakoekin, Zubietan saioa egitea erabaki genuen. Hasieran, udaletxeen artean zabaldu genuen proiektua eta orain denetik izaten da; guk proposatzen dugu edo haiek guri proposatzen digute.

Nolako harrera izaten du "Herrimamituz"-ek?
Harrera ona. Batetik, bertsozalea denak baduelako parada bertsoez gozatzeko, eta bestetik, askotan bertsozalea gehiegi izan gabe baina historia gustuko duenak, saioa amaitzean Xabierrengana gerturatzen dira, eta email trukaketa bat egoten da. Horrelako pasarteak entzuteak jakin-mina sortzen du. Batzuetan gai sentikorrak ateratzen dira herrikoentzat. Aginagan egin genuen saio bat, eta badakit zenbait konturekin hangoekin harremanetan jarri zela. Badauka bere mamia, azken finean, herriko pasarteak kontatzeak horixe du.

Pasarte horiek ahoz bakarrik kontatzen dira edo nolabait biltzen dituzue?
Xabierrek argazkiak jartzen ditu proiektorearekin, kontatzen ari den hori jendeak irudikatu dezan. Saioak grabatzea pentsatu genuen, baina ez zen aukera gauzatu.


"Herrimamituz"
Eguna:
azaroak 13, ostirala.
Ordua: 19:00.
Tokia: Zubietako eliza.
Parte hartzaileak: Bertsolariak: Andoni Egaña Makazaga eta Iñigo Mantzizidor Larrañaga "Mantxi" eta Xabier Alberdi Lonbide historialaria.
Zehaztasunak: tokiko historia eta bertsoa uztartzen dituen emanaldia da.
Antolatzailea: Zubieta Lantzen.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.