Aginagako hirigintza antolamendu berriaren aurkezpena 19:00etan Eliza Zaharrean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 27a, 10:37

Aginagako hirigintza antolamendu berria aurkeztuko dute gaur (martxoak 27) jendaurrean. 19:00etarako iragarria dute ekitaldia, Aginagako Eliza Zaharrean.

Gai hau lantzeko duela urtebete aginagarren eta Udalaren artean eratutako lan taldeak denbora honetan egindakoa aurkeztuko dute jendaurrean, aipatu moduan gaur (martxoak 27) 19:00etan hasita Aginagako Eliza Zaharrean. Udalberri aldizkariak berri eman duenez, "2017ko azaoran egindako herri-batzar batean sortu zen lantaldea osatzeko ideia eta 2018ko urtarrilean ekin zion bideari". 

Erronka nagusi bat zuten eskuartean, "interes publikoa lehenetsiz, Aginagako erdigunea bizigarriagoa eta atseginagoa nola antolatu". Gaur aurkeztuko den proposamena Origami arkitektoen taldeak landu du. Beti ere aginagarrek udal ordezkariekin batera eginiko lanketan oinarritua, eta indarrean diren hirigintzako araudi eta plangintzak kontuan izanda. "Besteak beste, egungo arau subsidiarioak, Mugikortasun Plana edota egun idazten ari den Usurbil osoko Plan Orokorra".

Aginaga aldeko urak ere, saneamendu sarera batzetik hurbilago
Añarbe Mankomunitateak 2010erako inbertsio-planetan jada aurreikusten zuen proiektuetako bat gauzatze bidean dela berri eman zuen otsailean Usurbilgo Udalak ohar bidez. Ur zikinen gaiari buruz ari gara. Gogoan izan, azken urteotan egindako obrei esker, 2016az geroztik Usurbilgo ur zikin gehienak kolektore bidez Loiolako araztegira bideratzen direla, eta ordura arte egiten zen moduan, erriora. Ur zikinen saneamendu sare horretatik kanpo geratu ziren ordea, Txokoalde-Aginaga inguruak, baita Zubietako zenbait zonalde ere.

Zubietakoei konponbidea 2017ko udaberrian, Aliri zubiaren ondoan inauguratu zuten hondakin-uren ponpatze estazio berriarekin eman zitzaien. Ordutik ordea, Aginaga-Txokoaldeko ur zikinak saneamendu sarera batzea falta zen. Zonalde honetako ur zikinak erriotik desbideratzea aspalditik eskatua zion Udalak Añarbeko Uren Mankomunitateari. Orain, “Usurbilgo udal-gobernuak, beste udal-ordezkari batzuekin batera, egindako lan eta presioaren ondorioz lortu da 2019an Aginagako saneamenduari ekitea”.

Negoziazioei esker, diru partiden gehitzea
Udal gobernu taldetik gogorarazten dutenez, besteak beste, EHBilduren babesa ezinbestekoa izanik, Añarbek joan den urrian Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkezturiko aurrekontu-proiektua atzera bota zuen koalizioak, “urteetan mahai gainean izan diren hainbat proiektuei heltzeko konpromiso faltagatik”. Proiektu horien artean, bi nabarmentzen zituen EHBilduk; Pasaiako Portua eta Aginagako ur zikinen saneamendua.

Aipatu moduan, bi egitasmook gauzatzea aurreikusia zuen Añarbek 2010az geroztik, “inbertsio-planetan aurreikusita bazeuden ere, urteotan ez dute urratsik egin proiektuok garatzeko. 2019an beste horrenbeste gerta zitekeela ikusi genuen, ez baitzegoen adina diru-partidarik aurreikusita”, adierazi du Jone Urdanpilleta zinegotziak.

Konpromiso falta hori zenbakitan islatu du Añarbek, EHBilduren esanetan. 2019rako 25.000€, 2020rako 175.000€ eta 2021erako beste 175.000€ aurriekusiak zituen, “ez zen nahikoa. Gabezia historiko horri erantzun ezean, ez zutela EHBilduren babesik izango argi adierazi genien”, Urdanpilletaren esanetan.

2019an hasi, 2022rako bukatua
Aurrekontuak adosteko elkarrizketei ekin eta negoziazio horiek aipatu diru kopuru horiek gehitzea ekarri du. Hala, 2019rako 25.000 euro bideratuko ditu Aginagako egitasmora, 400.000 euro 2020an, 700.000 euro 2021ean eta 305.000 euro 2022an. Inbertsio honen %40a Añarbek finantzatuko du, gainerakoa URA, Uraren Euskal Agentziak.

Egutegia finkatua dago. Usurbilgo Udalak zehaztu duenez, 2019an lanak lizitatu beharko dituzte, 2020an hasi eta 2022rako bukatu.

Hiru fasetan
Aginaga aldeko saneamendu lanok hiru fasetan gauzatuko dituzten. Egitasmo hau hitzarmen orokorrago baten baitan kokatzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Udalaren esanetan. 61 milioi euro bideratuko dituzte guztira Gipuzkoako uren saneamendura, 2019-21 eta 2021-27 urte arteetan. Aginagako saneamendu lanen lehen bi faseak 2019-21 artean burutuko dituzte, hirugarrena 2021-27 urte arterako aurreikusia dago. “3. faserako bermeak ere jasota badaude, espero etorkizunean heltzea, izan ere, ingurumenari zor zaion ezinbesteko lehentasuna baita Aginagako saneamendua Oria ibaitik ateratzea”, Urdanpilletaren esanetan.