38. Sagardo Eguna

Aginagako Eskolak jarritako postuak opari potoloak banatu ditu

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 19a, 11:52

Ekainaren 9rako prestatzen ari diren Gipuzkoako Eskola Txikien festara begira, arropa saltzeko postua jarri dute Aginagako Eskolakoek 38. Sagardo Egun honetan. Errifa zozketa ere antolatu dute. Ondoko argazkian duzue saritua.

Frontoian eman dute ezagutzera Sagardo Eguneko goiz parteko festa giroaren azken txanpan, Dema plazatik Askatasuna plazarako pasabidean Aginagako Eskolak zuen postuan saltzen aritu diren errifa zozketako zenbaki saritua; 9.527.

Opari eskaintza zabala zuten sarituari banatzeko. Sarituak gaur agertu beharra zuen jan edan freskoa igande honetan bertan etxeratu ahal izateko. Eta agertu da, Maria Jesus Korta izan da saritua. Ondoko argazkian duzue saria jaso berritan, Aginagako Eskolako guraso eta haurrekin batera.

Argazki erakusketa eta bazkaria
Aginagako Eskolak postua jarria izan du Sagardo Egun honetan zehar. Gogoan izan, ekainaren 9an Gipuzkoako Eskola Txikien Festa aipatu eskolak antolatuko du. Auzolan betean dira Aginagan.

Aginagako Eskolako komunitateak ekainaren 9ko jaialdi aurreko festa eguna ospatuko du larunbatean, maiatzak 25. Eskolak izan dituen hamarkadotako ikasle, irakasle, guraso eta gainerako kideak batuko dituzte bi hitzorduren bueltan; batetik, Aginagako Elizan hurrengo hamabostaldian ikusgai izan eta larunbatean bertan zabalduko duten argazki erakusketa baten bueltan. Eta segidan, Aginaga Sagardotegiak sukaldatuko duen bazkarian elkartuko dira.

Maiatzak 25, larunbata
12:00 Aginagako Eskolako argazki erakusketaren irekiera Aginagako Elizan.
14:00 Aginagako Eskolako kideen bazkaria Aginaga Sagardotegian.