Gipuzkoako Eskola Txikien Aginagako igandeko festara joateko garraio zerbitzu bereziak

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 11:21

Gipuzkoako Eskola Txikien festara joateko antolatzaileen mezu argia; autoa etxean utzi eta garraio zerbitzu publikoa erabili. Usurbildik Aginagara joan eta itzultzeko autobus zerbitzu berezia izango da Aizpurua lantegikoen eskutik. Garraio zerbitzuok indartuko ditu baita Lurraldebusek.

Esandakoa, igandean autoa etxean utzi Aginagako Gipuzkoako Eskola Txikien festara joan etorria egiteko garraio publikoen zerbitzu eskaintza zabala izango baita. Autoz joatea erabakitzen duenak adi, aparkalekuak egongo dira bai, baina aparkaleku kopuru mugatua. Aparkalekuok Aginagako Kaxkotik Mapilera bitarte dauden enpresen atarietan egokituko ditu antolakuntzak. Baina esandakoa, leku kopuru mugatua izango da.

Honenbestez garraio zerbitzu publikoak baliatzeko deia egin dute antolatzaileek. Aukera faltagatik behintzat ez da izango. Usurbildarrentzat nahiz autobus zein trenez Usurbila datozenentzat, Atxega jauregi ondoko Zumartegi industriagunean doako autobus zerbitzua baliatuko ahalko da igande goizez, 10:00-12:00 artean Aginagara joateko. Industriagune horretan bertan kokatua dagoen Aizpurua lantegikoek eskainiko dute doako zerbitzua, goizez Aginagara joateko, eta Gipuzkoako Eskola Txikien festaren amaieran, arratsaldez, 17:30-19:00 artean Aginagatik Usurbila itzultzeko.

Horrekin batera, Lurraldebusek ere iganderako aurreikusia duen eskaintza indartuko ditu. Orduoroko ohiko zerbitzuekin batera, bai Zarautz eta Donostia aldetik bina zerbitzu berezi eskainiko ditu goiz zein arratsaldez.

Garraio zerbitzua publikoak baliatzeko deia
-Doako autobus zerbitzua Aizpurua lantegikoen eskutik:
10:00-12:00 Atxega jauregi ondoko Zumarte industriagunetik Aginagara. 
17:30-19:30 Aginagatik Usurbila itzultzeko autobus zerbitzuak. 
-Lurraldebusen ohiko autobus zerbitzuak. Zerbitzu bereziak orduotan: Zarautzetik Aginagara 9:25ean, 11:25ean eta 18:25ean. Arratsaldez 16:50ean Aginagatik Donostiara. Donostiatik Aginagara 8:30etan, 10:30etan, 17:30etan eta 19:30etan.
-Aparkaleku mugatuak: Aginaga Kaxko paretik Mapilera bidean aparkatzeko lau gune.

 
LURRALDEBUSEN ZERBITZU BEREZIAK