Ezohiko San Praixkuak

Aginagako "Ene Kantak" emanaldian izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 30a, 09:25

Urriarekin batera bueltan datoz Aginagako San Praixkuak. Aurten bizi dugun osasun krisialdira egokituak, asteburu bakarrean ospatuko dira; urriaren 2tik 4ra. Ekitaldiotarako izena usurbilkultura.eus bidez online eman beharko da baina adi; lehen hitzordurako inskripzio epea asteazken honetan (irailak 30) itxiko du antolakuntzak. Ostiral arratsaldean ospatuko den Ene Kantak emanaldirako izen ematea hain zuzen.

"Ene Kantak osatzen dugunok, dantzagarriak, berriak eta haurrentzako egokiak diren abestiak sortzen ditugu. Batzuetan ere, zeuden kantak berritzen eta moldatzen ditugu. Abesti bakoitzeko bideo bat dugu bere koreografia errazarekin, txikiek dantzatu ahal izateko. Gainera, lortutako etekinaren zati bat, euskara sustatzeko lan egiten dutenei bideratzen diegu laguntzeko; adibidez, Sortzen Ikasbatuaz, Euskalerria Irratia, Mailope edota Nafarroako Bertsozale Elkartea". 

Hortxe Ene Kantak proposamenari buruzko xehetasunak. Taldeari buruzko informazio gehiago enekantak.org atarian jaso ahalko duzue.

Ostiralean Aginagara datoz, 18:00etan Ariztitxo pilotalekura. Bizi dugun osasun krisialdira egokituriko 150 lagunentzako emanaldia eskainiko dute. Hitzordurako izen emateko azken eguna duzue gaurkoa, irailaren 30a, usurbilkultura.eus atarian.

Ezohiko San Praixkuak
Ez dira ospatuko ohiko jaiak, baina bizi dugun osasun krisialdira egokitutako zenbait hitzordu antolatzea erabaki du Aginagako Jai Batzordeak. “Egoera aztertu ostean, jasaten ari garen osasun krisialdiarekiko erantzukizun eta ardura osoz, gure ibilbideari etenik ez emateko eta festekin modu arduratsu batean aurrera egiteko erabakia hartu dugu”, adierazi dute Aginagako Jai Batzordetik.

Haur nahi helduentzako hiru ekitaldi antolatu dituzte urriko lehen astebururako. Osasun eta segurtasun neurri zorrotzen artean ospatu asmo dituzte festak baina “ez dira ohiko jaiak izango” ohartarazi dute. Uztailean zehar, besteak beste Aginagan ere ospatu zen Kultur Biraren eredua erreferentzia gisa hartuta, hitzorduok antolatzeko “protokolo zorrotza landu dugu”. Batetik, aforo mugatua izango dute ekitaldiek. Sarrerak aurrez eskuratu beharko dira usurbilkultura.eus atarian. Bertan izena eman eta antolakuntzak zozketatuko ditu. Emailez jakinaraziko dute bi egun lehenago, sarrerak eskatu dituenari txartelik egokitu zaion edo ez. Sarrera kopuru jakin bat aginagarrentzako erreserbatua egongo da, hauek Arrate Tabernan eskuratu ahalko dira.

“San Praixkuak arduraz eta neurriz ospatzeko aldarria egiten dugu. Aurtengoan, orain arteko ibilbidea eskertu eta gure jarduna hauspotzeko deia zabaltzen dizuegu, etorkizuneko Agiña osatzen jarraitzeko, guztien bultzada behar baitugu!”, adierazi dute Jai Batzordeko kideek.

EZOHIKO SAN PRAIXKUEN ASTEBURUA
Urriak 2, ostirala

18:00 Ene Kantak Ariztitxo frontoian.
“Ene Kantak proiektua Nerea Urbizu eta Urko Oskoz irakasleek osatu zuten 2011. urtearen hasieran. Haurrentzako euskarazko abesti berriak eta freskoak sortzen dituzte. Kanta hauen koreografiak eta mugimenduak haurrek beraiek sortutakoak dira”.
Edukiera: 150 lagun.
Izen ematea: irailak 30.

Urriak 3, larunbata
18:00 Mihise eta Unidad Alavesa Ariztitxo frontoian.
Edukiera: 150 lagun.
Izen ematea: urriak 1.

Urriak 4, igandea: San Praixku Eguna
11:00
Meza nagusia.
12:00 Herri kirol erakustaldia Ariztitxo frontoian:
-Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi, Imanol Illarramendi "Kortaberri", Gorka Etxeberria eta Udane Ostolaza (15 urte).
-Aizkolariak: Iñaki Azurmendi eta Xabier Zaldua.
-Hizlariak: Joseba Ostolaza eta Manuel Mari Galarraga.
-Agiñarrak ere kirolean: Trontzan, txingetan eta lokotx bilketan ere izango ditugu.
Edukiera: 80 lagun.
Izen ematea: urriak 1.

Ekitaldiotarako sarrerak: usurbilkultura.eus

Antolatzailea:
Aginagako Jai Batzordea.