Ezohiko San Praixkuak

Aginagako asteburuko herri kirolen erakustaldi eta kontzertuetan izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 1a, 12:48

Aginagako Jai Batzordeak astebururako iragarri dituen ekitaldietan izen emateko azken eguna duzue urriko lehen egun hau; larunbateko kontzertuetarako eta igandeko herri kirolen erakustaldirako hain zuzen, usurbilkultura.eus atarian. Ostiraleko Ene Kantak emanaldirako inksripzio epea asteazkenean itxi zuten.

Ezohiko jaien atarian dira Aginagan; ezohikoak noski, bizi dugun osasun krisialdiagatik. Testuinguru honetara egokituriko kultur eskaintzaz gozatzeko aukera izan da udako hilabeteetan, eta Aginagako Jai Batzordea ere sortzaileei plaza eskaini eta herritarrei aisialdi tarte erakargarriaz gozatzea ahalbidetzen dien ahalegin horretara batu da.

Beharrezko prebentzio neurriak hartuta ezohiko San Praixkuen asteburua antolatu du urriaren 2tik 4ra. Adin tarte eta zaletasun anitz asetzeko moduko hiru hitzordu deitu ditu. Larunbaterako kontzertuen arratsalde pasa, igande eguerdirako herri kirolen erakustaldia. Hitzorduotan izen emateko azken eguna duzue, usurbilkultura.eus atarian. Haurrei zuzenduriko ostiraleko Ene Kantak emanaldirako inskripzio epea asteazken honetan itxi du antolakuntzak. 

Protokolo zorrotza
Protokolo zorrotza landu dute antolatzaileek ekitaldiok ospatu ahal izateko. Hitzordu guztiak Ariztitxo frontoian egingo dira. Aforo mugatua izango dute ekitaldiek. Sarrerak aurrez eskuratu beharko dira usurbilkultura.eus atarian. Bertan izena eman eta antolakuntzak zozketatuko ditu. Emailez jakinaraziko dute bi egun lehenago, sarrerak eskatu dituenari txartelik egokitu zaion edo ez. Sarrera kopuru jakin bat aginagarrentzako erreserbatua egongo da, hauek Arrate Tabernan eskuratu ahalko dira.

EZOHIKO SAN PRAIXKUEN ASTEBURUA
Urriak 2, ostirala

18:00 Ene Kantak Ariztitxo frontoian.
“Ene Kantak proiektua Nerea Urbizu eta Urko Oskoz irakasleek osatu zuten 2011. urtearen hasieran. Haurrentzako euskarazko abesti berriak eta freskoak sortzen dituzte. Kanta hauen koreografiak eta mugimenduak haurrek beraiek sortutakoak dira”.
Edukiera: 150 lagun.
Izen ematea: itxita.

Urriak 3, larunbata
18:00 Mihise eta Unidad Alavesa Ariztitxo frontoian.
Edukiera: 150 lagun.
Izen ematea: urriak 1.

Urriak 4, igandea: San Praixku Eguna
11:00
Meza nagusia.
12:00 Herri kirol erakustaldia Ariztitxo frontoian:
-Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi, Imanol Illarramendi "Kortaberri", Gorka Etxeberria eta Udane Ostolaza (15 urte).
-Aizkolariak: Iñaki Azurmendi eta Xabier Zaldua.
-Hizlariak: Joseba Ostolaza eta Manuel Mari Galarraga.
-Agiñarrak ere kirolean: Trontzan, txingetan eta lokotx bilketan ere izango ditugu.
Edukiera: 80 lagun.
Izen ematea: urriak 1.

Ekitaldiotarako sarrerak: usurbilkultura.eus

Antolatzailea:
Aginagako Jai Batzordea.