Dantza Eguna

[IRUDITAN] "Zorotan Bele" Dantza Eguneko ikuskizunaren entsegua

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 18a, 13:38

Dantza Eguna gainean dugu, larunbatean ospatuko baita Usurbilen. Orbeldi Dantza Taldeak antolatu ohi duen urteroko Dantza Egunaren baitan, entsegu orokor irekia egin dute gaur Aginagan. Santueneako bandak sortutako doinuen gainean egin dute dantza herriko hainbat dantzarik. Datorren larunbatean, arratsaldeko 19:30etan kiroldegian eskainiko dute gaurko entseguaren emaitza.

Dozenaka dantzari eta zenbait musikarik osatutako "Zorotan Bele" ikuskizunaren entsegua egin dute gaur goizeko 12etan Aginagan. Sorotan Bele musika talde ezagunaren abestiak prestatu dituzte Santueneako bandako kideek, eta melodia horientzat dantza ikuskizuna prestatu dute hainbat dantza taldek. Euskal dantzetan oinarria badu ere, dantza garaikideak ere bere lekua du ikuskizun honetan, sarri biak uztartuta, gainera. 

Pako Agudo herritarrak ikuskizunari ipuin antza eman dio, ipuin-kontalari bailitzan abestien arteko trantsizio ederra eraikiz. Giro ederra du promes datorren asteko ikuskizunak.

Kontuan izan, "Zorotan Bele" ez dela Dantza Egunaren baitan egingo den ekitaldi bakarra. Ostiralean, "Euskal Dantza eta generoa" hitzaldia eskainiko du Oier Araolazak arratsaldeko 19etan, Sutegin. Larunbatean, Tranpaldo Irekia egingo dute Artzabalgo plazan, edonork parte har dezaken dantza ekitaldia, arratsaldeko 16:30etatik aurrera, eta 19:30etan aipatu bezala, "Zorotan Bele" ikuskizuna kiroldegian. Amaitzeko, igandean, "Mutu" dantza ikuskizun profesionala izango da Sutegiko auditorioan arratsaldeko 18:00etan.