Maiatzaren 21etik 31ra

Aginagako udako txokoetan izen emateko epea irekitzear

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 17a, 14:17

Gaztetxoen udako oporraldiaren hasierarako txokoak antolatu ditu Aginagan, San Praixku guraso elkarteak. Ostiral honetan (maiatzak 21) zabalduko dute izen ematea.

2020-21 ikasturtea azken txanpara hurbiltzen doa. Ekainean amaituko dituzte klaseak haur eta gaztetxoek. Hortik aurrera hiru hilabeteko udako oporraldian murgilduko dira. Tarte honetarako aisialdiko ekimen bat baino gehiago antolatu dira, azkenaren berri Aginagatik jaso dugu. San Praixku Guraso Elkarteak NOAUA!ri berri eman dionez, Aginagan udako txokoak prestatzen ari dira. 

Izen emateko hamar eguneko epea ere finkatu dute. Adi, ostiral honetan bertan, maiatzaren 21ean zabalduko baitute inskripzio epea. Hilaren 21ean ireki eta maiatzaren 31ra arte luzatuko dute izen emateko epea. 

Ekainaren 21etik abian
Kontuan izan baita; udako txoko hauek ikasturtea amaitu eta berehala jarriko dituzte martxan eta bi asteko iraupena izango dute. Ekainaren 21ean abiaraziko dituzte San Praixku Guraso Elkarteak txoko hauek, uztailaren 2ra arte. 

Ekimen honi buruzko xehetasun gehiago nahi duenarentzat, helbide honetara idatzi daiteke: gurasoelkartea@aginaga.eskolatxikiak.eus