Olentzero etortzear dutela, eskolakoak kantari irten dira Aginagan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 23a, 11:11

Baserritar jantziak soinean eta arropekin batera ohiko osagaian bilakatu den musukoa aurpegian Aginaga erdiguneari itzulia eman diote goizean zehar kantari, neguko oporraldian murgildu aurretik eta Olentzero bisitan etortzear dutela.

Ostegun iluntzeko 18:00ak aldera heltzekoa da Olentzero Aginagara. Sekañako bidegurutzean harrera antolatu du Antxomolantxa elkarteak. Gero gogoan izan, gutun bilketa eta gaztain jana iragarri du Eliza Zaharrean. Ikazkinaren bisitaren aurretik, eskolako irakasle eta ikasleak kantuan aritu dira goizean, itzulia egin dute Aginaga erdigunean barrena. Trikiti eta kitar doinuen artean urte garai honetako abestiak kantatuz girotu dute herri ingurua. Une horretan etxean zirenak eskuzabal portatu dira, diru ekarpenak eginez. Trukean, etxe atarian kantuan aritu zaizkie gaztetxoak.

Goizean zehar eskaini duten saioarekin badoaz merezitako oporraldia bizitzera. Urtarrilaren 10ean itzuliko dira ikasgeletara.