Alejandro Tapiak San Praixkuetarako diseinaturiko irudi bilduma ikusgai jarri dute

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 26a, 13:03

Urte luzez Aginagako jaietarako diseinaturiko irudien bildumarekin erakusketa osatu du Jai Batzordeak. Oroimen ekitaldi egun honetan ikusgai jarri dute.

Alejandro Tapia Aiestaran margolari aginagarraren oroimena bizi asko dute sorterrian. Zendu zeneko bosgarren urtemuga honetan gogoan bizirik dutela argi uzten duen ekitaldi berezia antolatu dio bertako Jai Batzordeak igande eguerdi honetan Eliza Zaharrean. Bere sortze lan hainbatekin erakusketatxoa antolatu dute. Tapiarenak baitira, besteak beste, urte luzez ospaturiko San Praixkuetako egitarauko irudiak. 

"Egun inguratzen duen espazio hau irudikatzen zuen bere begiradarekin eta pozarren oroitzen ditugu San Praixkuko egitarauetarako prestatu zituen irudi horiek", oroitu dute jaietako antolatzaileek. Irudiok eta garai bateko egitarauak ikusgai jarri dituzte, Aginagaren historiaren pasarte garrantzitsuak. "Herria eta herritarrak zituen oinarri".

Tapiaren omeneko murala
Oroimen ekitaldi egun honetan gainera, jaietako egitarauetarako diseinaturiko irudi bat, horma irudian bilakatu eta Tapiaren omenez Eliza Zaharraren ondoan dagoen eskulturaren parean kokatu nahi zuten. Gaurkoan ezin izan dute halakorik egin, baina 2022. urte hasieran bai. Urtarrileko lehen astean zehar jarri asmo dute. Eliza Zaharraren azpialdeko horma jada margotuta prest utzia dute.