Alejandro Tapia Aiestaranen omenezko murala ezarri dute bere sorterrian, Aginagan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 29a, 11:23

Alejandro Tapia Aiestaran zendu zenetik bost urte bete diren honetan, igandean egin zioten oroimen ekitaldiarekin batera, margolari aginagarraren  sortze lan bat muralean bilakatu eta bere omeneko eskultura ondoko horman ezarri du bertako Jai Batzordeak. Eliza Zaharraren atarian.

Izatez igandeko oroimen ekitaldiaren amaieran jarri nahi izan zioten, baina ezin izan zuten. Urte hasierarako atzeratzea erabakia zutenean, uste baino lehenago eskuratu eta kokatu dute leku esanguratsuenean. Alejandro Tapia Aiestaran margolari aginagarra zendu zela bost urte bete dira egunotan. Aginagako Jai Batzordeak ekitaldi berezi batekin oroitu nahi izan zuen iragan igandean Eliza Zaharrean. Bere irudiekin eta musikaz girotutako hitzorduan Tapiaren sortze lan bilduma bat jarri zuten ikusgai. Urte luzez Alejandrorenak izan baitziren San Praixkuak iragartzen zituen jai egitarauko azaleko irudiak.

Aginaga eta aginagarrak irudikatzen zituen margolanotako bat muralean bilakatu eta ekitaldi amaieran Eliza Zaharraren alboan kokatu asmo zuten. Azkenean ez zuten igandean egiterik izan, baina bai egunotan. Jada murala kokatzeko txukundua zuten Eliza Zaharraren azpialdeko horman eseki dute, Tapiaren omenezko eskulturaren parean hain zuzen, Aginagako Jai Batzordeak helarazitako ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan.

Aginagarren gogoan bizirik
Zendu zenetik bost urte bete dira baina gogoan bizirik du Aginagako herriak. Eta hala izaten segitzea nahi dute. "Oroitu dezagun Alejandro gure artean balego moduan", zioten iragan igandean Aginagako Eliza Zaharrean bertako Jai Batzordeko kideek. 2016an egunotan zendutako Alejandro Tapia Aiestaran margolari aginagarra oroitu nahi izan zuten, hil zeneko bosgarren urtemugan.

Bere irudiak proiektatu zituzten, Ane Azkonobietak eta Mikel Alkortak trikiti doinuez girotu zuten oroimen ekitaldia. Izatez, omenaldia Tapia bera bizi zela egin baitzioten. "Artista asko agurtu ostean famatzen direla esaten da baina uste dugu Aginagako semea zenak gure artean zenean, bere ibilbidean zehar herriari eman zion horren fruituak jaso zituela". Eta abenduaren 26ko hitzorduaren bidez, "egungo Aginagako Jai Batzordeko kideok urte luze hauetan eskaini ziguna gogora ekarri nahi genuen ekitaldi xume honekin". 

"Bere aletxoa jarri zion herriari"
Bizi zela Aginagako herriari eginiko ekarpena goraipatu nahi izan zuten. "Badakigu gutako asko baino lehenago hasi zela Alejandro bera Aginagako festa giroan eta egunerokotasunean ekarpenak egiten, inork eskatu gabe gainera. Bere aletxoa jarri zion herriari eta horren adierazgarri zen bere konpromisoa". Hark utzitakoari helduta pozik agertu ziren Aginagako gazteak. "Zorionez guk ere bere pasio eta jakintza hori partekatu eta jaso genuen, eta pozik gaude horregatik". 

Alejandrorengandik berritu bai baina iraganari izkin egin gabe, "lehen zenari ere merezitako lekua eman behar zaiola" jaso zutela zioten, auzolanean elkarrekin jorraturiko bidean. Horren adibidetzat jarri zuten, oroimen ekitaldia ospatu eta urteotan auzolanean eraberritzen aritu diren Aginagako Eliza Zaharra. "Eraikinean hutsune eta gorabeherak ikusi genituen eta berak ulertarazi zigun eraikinaren zauriak zirela horiek, eta hauek mantentzeak bere garrantzia zuela. Horrexegatik gaur egun ikusten dituzue bistaratuak marka horiek guztiak".

Garai bateko Aginagaren zati izan eta lankidetzan eraberrituriko eraikina nola geratu den "gustura partekatuko genuke berarekin" adierazi zuten, berari esker ere gauzaturiko proiektua izan dela nabarmenduta.

Erakusketa
Bere sortze lan hainbatekin erakusketatxoa antolatu zuten. Tapiarenak baitira, besteak beste, urte luzez ospaturiko San Praixkuetako egitarauko irudiak. 

"Egun inguratzen duen espazio hau irudikatzen zuen bere begiradarekin eta pozarren oroitzen ditugu San Praixkuko egitarauetarako prestatu zituen irudi horiek", oroitu zuten jaietako antolatzaileek. Irudiok eta garai bateko egitarauak ikusgai jarri zituzten, Aginagaren historiaren pasarte garrantzitsuak. "Herria eta herritarrak zituen oinarri".