32 milioi eurokoa, Aginagako tunela eraiki eta trenbidea bikoizteko lanen lizitazioa

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 3a, 13:20

Txokoaldetik hurbil egingo diren lanak lizitaziora atera ditu Eusko Jaurlaritzak.

Otsailaren 29ko osoko bilkuran izan genuen azkenekoz Txokoaldetik hurbil Euskotrenek eraiki nahi duen tunela eraikitzeko proiektuaren berri. Izan ere, udalbatzar hartan Euskal Trenbide Sarearen eta Udalaren arteko hitzarmena adostu zutela berri eman zuten udal gobernu taldetik. Lankidetza-hitzarmen hau aho batez onartu zuten. 

Egunotan proiektu horri buruzko beste albiste baten berri izan dugu. Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak tren zerbitzuen maiztasuna handitzea helburu izango duten lanok esleitu dituela iragarri du, 32 milioi euroren truke. Zehazkiago esanda, "Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-batzordeak" atera ditu "Aginagako trenbide-saihesbidearen eraikuntza" lanok. 40 hilabeteko epea finkatu du lanok egiteko.


Tren zerbitzua ordu laurdenero
"Lizitaziorako lanak, funtsean, 1.329 metroko luzerako trenbide bikoitzeko meategi-tunel bat eraikitzean oinarrituko dira. Bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu dira, obra ingurunean integratzeko. Bilbo aldean 24 metroko luzera izango duen soluzioa diseinatu da, eta beste aldean, Donostiakoan, 30 metro izango ditu. Tunelak 371 metro luzeko larrialdietarako galeria bat ere izango du", aurreikusi dute Eusko Jaurlaritzatik. 

Lan hauen eraginez, Euskotrenetik ziurtatu dutenez, "trenbidearen trazadura berriak 1.500 metro inguru murriztuko du ibilbidea, eta 2 minutu murriztuko du Aia-Orio eta Usurbil geltokien arteko bidaiarako denbora. Tunel osoan trenbidea bikoiztuko denez, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira. Baldintza horiekin, trenbidearen zerbitzu-ahalmena handitu egingo da, eta, beraz, gaur egun 30 minuturo zirkulatzen duten ibilgailuek 15 minuturo zirkulatu ahal izango dute".


"Bidaiarien erosotasun- eta segurtasun-baldintzak optimizatzen lagunduko du"
Aldea nabarituko da beraz, tren zerbitzuan. Izan ere, proiektu honen sustatzaileek oroitarazi duten moduan, gaur egun "93+166 eta 96+151 kilometro-puntuen arteko trenbide-trazadura trenbide bakarrean doa, Oria ibaiaren paraleloan. Puntu horretan meandro bat egiten du, eta, beraz, bihurria da, erradio txikiko kurbak eta kontrakurbak ditu. Gaur egun trenek Aginaga mendia inguratzen dute. Unitateek 9 minutu behar dituzte Aia-Orioko eta Usurbilgo geltokiak lotzeko".

Lanok amaituta, aldiz, trenak ordu laurdenero igaro ahalko dira trenbide zati honetatik. Horrez gain, "trazadura-aldaketarekin ustiapenean ere hobekuntza nabarmena lortuko da. Trazaduraren inguruan zuhaitz eta ezponda ugari daudenez arazo asko sortzen dituen baso-eremua uztean, azpiegituran eragin gutxiago sortuko da eta mantentze-lanak murriztu egingo dira. Horrek bidaiarien erosotasun- eta segurtasun-baldintzak optimizatzen lagunduko du".


Hitzarmena sinatua
Lanen esleipenaz gain, Usurbilgo Udalarekin adosturiko lankidetza-hitzarmenari buruz ere mintzatu da Euskal Trenbide Sarea. Sinatu dutela aditzera eman du eta Udalak aurreratu moduan, Txokoaldeko bizilagunekin batera landutako alegazioetako bat bideratuko dutela berri eman du; auzo hau eta Aginaga Oria gainetik lotzen dituen Altzonazko zubiaren birgaitzea hain zuzen. "Igarobidea 60 urte baino gehiago dituzten harlangaitzezko zutabeek eta lauza motako hormigoizko habeek osatzen dute. Hartutako soluzioa egungo taularen zeharkako sekzioa handitzean oinarrituko da, trenbideak 3,80 metroko zabalera izan dezan, eta espaloiak 2 metrokoa, galtzadaren eta oinezkoentzako gunearen arteko elementu bereizleekin", azaldu dute ETS-tik.

Ez du zehaztu lanok noiz hasiko diren. Ondorioz, hitzarmen hau onartzeko otsailaren 29an egindako osoko biluran udal gobernu taldetik azaldu zuten moduan, obra hauen eragozpenei aurre egiteko beharrezko planifikazioa bideratzea zailtzen du horrek.

Geltokiari ezetz
Proiektu hau ontzeko eskaera gehiago ere eginak zituzten Udalak eta Txokoaldeko bizilagunek, bi helbururekin hain zuzen; obrek ingurumenean eta txokoaldetarren egunerokoan izango duten eragina gutxitzeko. Aurkezturiko alegazioak honako hauek izan ziren: Txokoaldeko sarrera-irteerak hobetzea, Oria zeharkatzen duen Altzonazko zubia konpontzea, tren pasabidea ezabatzea, obrarako bide alternatiboa eta etorkizunerako bidegorria eraikitzea, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea eta lan guztiok izango duten eragina murriztea galdegin zuten. Ekarpenok aintzat hartzea eskatu zioten Eusko Trenbide Sareari.

Trenbide pasagunea ezabatzeari kentzeari dagokionean, horretarako aukera teknikoak aztertzeko konpromisoa zehaztua dago hitzarmen horretan. Urtebeteko epean, "trenbidea beste maila batean gurutzatu ahal izateko" aukerak aztertzeko Udalak eta ETS-k lan-batzorde teknikoa eratuko dutela gaineratzen du.

Udal gobernu taldearentzat, halere, ez dira aski konpromisook. ETS-k aintzakotzat hartzea lortu ez duten eskaeren artean da, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea. "Azken unera arte borrokatu dugu. Gaurkoz, ordea, tamalez, ez diote bide eman", alkateak otsailaren 29ko osoko bilkuran berri eman zuenez.

ETS-tik arrazoiak aipatu zizkietela adierazi zuen alkateak; erabiltzaileak, trenbidea berritu beharra eta tren zerbitzuen maiztasuna indartzeko geltokia berreskuratzeak ekar dezakeen denbora galera. Horren aurrean, alternatibak proposatu zizkietela adierazi zuen alkateak: tren zerbitzu guztiak Txokoalden ez geratzea, "premia handieneko orduetan" baizik; denbora galerarik ez izateko, zenbait uneetan trena Usurbilen geratu ordez, Txokoalden geratzea; edota Usurbilgo geltokia eta Txokoalde zein Aginaga aldea lotuko dituen autobus zerbitzua ezartzea ordu zehatzetan. 

Eskaera hauei ezezkoa emateaz gain, udal gobernu taldetik osoko bilkuran azaldu zutenez, hitzarmena ez sinatzeko arriskuan izan zirenez, geltokia berreskuratzeko eskaera bertan ez jasotzea adostu zuten, baina ohartarazi dutenez, "eskaera hori bultzatzen jarraituko" dute.