Aginaga bizigarria izan du aldarri nagusi San Praixkuen hasiera ekitaldiak. Hau inork baino hobekien irudikatzen dutenak omendu nahi izan dituzte aurtengo festen hasiera ekitaldian. "Aurtengoan Aginagara etorri diren familien inguruan hitz egin nahi dizuegu", zioten jaien antolatzaileek. Etorritakoei gorazarre egiteko baliatu nahi izan dute aurtengo festen hasiera.
Haietako bat gonbidatu dute Eliza Zaharraren atariko balkoira, oraintxe Aginagan bizitzen urtea bete duten Judith, Iban, Alai eta Greta, Perez Bernal sendia. Kataluniako Tordera herritik etorri ziren iaz Aginagara bizitzera. "Beste hainbat familien antzera, Aginagan bizitzeko erabakia hartu dute eta guretzat arnas berria direla azpimarratu nahi genuke", nabarmendu dute jai batzordeko kideek.
"Guretzat sekulako ekarpena izan da"
Izan ere, Aginagako bizitzan erabat murgildu dira. "Tordera izeneko Kataluniako herri txiki batetik maletak eta euren bizipenak furgonetan hartuta etorri ziren. Dagoeneko ezagutzen zuten ingurua baina lurra landu eta hemen bizitzera etortzeko erabakia hartu zuten eta, zehazki, Aginagako egunerokotasunaren parte bilakatu ziren ia hasieratik, plazan, eskolan eta gure sare eder honetan murgildu baitziren lehen unetik eta guretzat sekulako ekarpena izan da zentzu guztietan".
Aginagara bizitzera datozenek bertako herri bizitzan duten eragina nabarmendu dute jaietako antolatzaileek. "Gurea bezalako komunitate txiki batean eragin handia du halako aldaketa batek eta horrexegatik omendu nahi ditugu gaur, oraindik ere Aginaga bizigarria dela sinesten dugulako eta ahalik eta bizigarrien egiteko ahalegin guztiak egiten jarraitu nahi dugulako. Aurten, gure artean lehen urtea bete dutenez, une ezinhobea iruditu zaigu gure eskerrik beroena adierazteko".
Izan ere, gogorarazi dutenez, "Agiña gu gara, herritarrak eta halaxe nahi dugu, bizi-bizi egunerokotasunean ere".
Eskertza
Kataluniatik Aginagara etorritako Perez Bernal sendiak eman die hasiera ofiziala jaiei. Aurretik, ordea, eskerrak helarazi nahi izan dituzte. Laukotearen izenean, Gretak hartu du hitza. "Eskerrik asko jai batzordeari gugan pentsatzeagatik eta onarpen hau egiteagatik. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiogu Aginagako komunitateari harrera hau egiteagatik eta hasiera-hasieratik guri laguntza eskaintzeagatik. Eskerrik asko guztioi, eskerrik asko etortzeagatik. Gora agiña eta gora San Praixku jaiak!".