Ke lainoa eta kiratsa beste behin herrian

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 24a, 09:58

Atzokoa sute batek eragin zuen, baina ez zen Ucin aldetik kea eta kiratsa irten den lehen aldia. Kexuak aspalditik datoz.

Arratsaldeko 18:30ak pasatxoan hasi ginen jasotzen herritarrek bidalitako lehen irudiak. Errealitate bera islatzen zuten argazki guztiek. Errealitate bera, aspalditik ezaguna zaiguna. Ke zutabe beltz askoa zerion Osinalde industrialdeko Ucin enpresari. Sutea izan zen bertan eta suteak ke zutabea altxarazi zuen airera, kirats nabaria zuena. Herriko txoko anitzetatik begi bistakoa izan zena.

Ucinetik hurbilen den Atxegalde auzora gerturatu ginen. Auzotar batzuk unea iruditan biltzen kaletik nahiz balkoietatik. Etxeko leihoak itxi beharrean aurkitu zen bat baino gehiago. Bestela, kiratsa arnastu beste erremediorik ez zen.

Ucinetik irtendako ke zutabea segituan, herri osoan zehar zabaldutako lainoan bilakatu zen. Zubieta alderaino ere heldu zen. 

Ez da lehen aldia
Gaurko sutearen eraginez ikusi eta arnastu behar izan genuen ke zutabea ez da kontu berria. Duela urtebete, 2018ko uztailean ondoko irudi ikusgarrien lekuko izan ginen. Herritar batek helarazi zituen NOAUA!ra. Ucin-eko keak literalki Atxegalde eta Kaxkoaren zati bat irentsi zituen. Biharamunean, "ez etsi, Ucin-i hortzak erakutsi" aldarripean elkarretaratzea egin zen Mikel Laboa plazan, herritar talde batek deituta. 

Urtean zehar, hainbat uneetan herrian, bereziki Atxegalde inguruan nahiz Kaxkoan kiratsa sumatu dutela eta, hainbat kexa izan dira herritarren aldetik. Kexuak halere aspaldidanik datoz.