Haur Eskolan matrikulatzeko epea ixtear

Ikasturte berrirako matrikulazio epea ostegun honetan itxiko du (apirilak 30) Haur Eskolan. 2018-20 urte artean jaiotako haurrei zuzendua dago deialdia.

Datorren 2020-21 ikasturterako matrikulazio epea zabalik dute Udarregi Ikastolaren Haur Eskolan. Gogoan izan, deialdia 2018an, 2019an eta 2020an jaiotako haurrei zuzendua dago. Apirilaren 30era arte izango da indarrean izen emateko epea. Gogoan izan, Haur Eskolak irailetik uztailera eskaintzen duela zerbitzua, astelehenetik ostiralera, 7:30-16:30 artean. Matrikulazioa bideotatik egin ahalko da eta informazio gehiago ere bideotatik jaso ahalko duzue:
943 374 061
haureskola@udarregi.eus
udarregi.eus

Zerbitzuaren beharra izan dezaketenei deia
Matrikulazio kanpaina Haur Eskolaren beharra izango duzuela ziur zaudetenei, baina baita ikasturtean zehar zerbitzu honen beharra izan dezakezuela uste duzuenoi zuzendua dago. "Behin ikasturtea hasita, Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza eta ordutegia bermatu". 

Urtero, matrikulazio kanpainaren testuinguruan ate irekien eguna antolatu ohi du Haur Eskolak. Bertan, gurasoei zuzendutako informazio bilera egiten da eskolako azpiegiturak eta proiektua aurkezteko. Argi denez, momentuz behintzat halako bilerarik ezin izango da egin. "Gaur egungo egoera dela eta, aurrerago zehaztuko da", ohartarazi dute Haur Eskolatik, ate irekien eguna noiz izango den. 

Kontratu luzapena Haur Eskolarekin
Usurbilgo Udalak eta Udarregi Ikastolak 2008an sinatua zuten “Haur Eskolako lokala eta instalazioen erabilpena eta zerbitzuaren kudeaketa arautzen duen” hitzarmena urtebetez luzatzea eta berria lantzen hastea erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz, otsailaren 27an egin zuen osoko bilkuran. Hemen xehetasunak: https://noaua.eus/usurbil/1583239929961-kontratu-luzapena-haur-eskolarekin