Kalezarrera igotzeko Puntapaxeko bidea zabalik

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 27a, 14:31

Kalezar itxuraldatze betean da. Hainbat proiektu gauzatzeko lanetan dute auzunea. Egoera berean izan dute baita sarbideetako bat ere; azken asteotan lanengatik itxita egon den Puntapaxetik Kalezarrera igotzeko bidea. Zabalik da gaurtik. 

Itxita egon da azken asteotan Kalezarrera igo edo handik jaisteko bidea. Trafikoa Kalezar erdigunetik bideratu behar izan da. Larunbat honetan zabaldu du Usurbilgo Udalak aipatu bide zatia. Ibilgailuen joan etorrirako tartea du orain errepideak, baita oinezko nahiz bizikleta erabiltzaileentzako bereizitako eremua ere. Espaloia ere egokitu dute.

Lanok bideratzeko itxi aurreko egoerara itzuli da Haur Eskola aldera igotzeko aldapa. Iaztik gertatzen ari den moduan, Ugarte baserriaren pareko bi puntu ezberdinetan kokaturiko semaforoek kudeatuko dute ibilgailuen joan etorria. Gogoan izan, Ugartondoko etxebizitzak eta ingurua bera urbanizatzeko lanak amaitu artean halaxe izango da.

Puntapaxetik Kalezarrera igotzeko bide zatiaren irekierak, Ugartondo eremuko etxebizitzen eraikitze lanen beste ikuspuntu bat eskaintzen digu orain, irudiotan jaso dugun moduan.

Pelaioenea, adinekoen auzunea, Ugartondo, bidegorria...
Azken hilabeteotan eraberritze betean dute Kalezar. Jaien plaza nagusia lanetan da; dakizuenez, Pelaioenea eraikinean kokatzekoa dute etorkizunean Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua. Festetako plaza lanetan dute.

Handik gertu hasiak dira garabiak lanean garai bateko mojen konbentuaren lur eremuan. Etorkizunean, adinekoen auzunea kokatuko da bertan.

Eremu horren alboan, azken hilabeteotan eginiko lanak amaituta eta erabiltzeko prest dute, Murkaiku eta Pikaola arteko bidegorria. Eta bidegorri hartatik beherantz garabi gehiago; kasu honetan, Ugartondoko babes ofizialeko etxebizitzak eraikitze lan betean dira baita.

Bistan denez, Kalezar itxuraldatze eta eraberritze betean dute.


 
 
 
 
 
 
 
 
Erlazionatuak