Auzo ekipamendua eta Emakumeen Etxea

Pelaioeneko egitasmoen parte hartze prozesuen aurkezpena larunbatean

Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamenduaren egoitza izango da etorkizunean, Kalezarko Felix Aizpurua plazako Pelaioenea eraikina. Kanpoaldea birgaitu dute, barruko "mamia" eraikitzen hasi nahi du orain Usurbilgo Udalak, bi egitasmo hauekiko interesa dutenekin. Bi proiektuontzako parte hartze prozesu bana iragarri du. Abiatzeko, aurkezpen ekitaldia deitu du larunbaterako (irailak 19) 12:00etan Pelaioenea atarian bertan. Bertaratu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, Gizarte Zerbitzuetara deituta.

Segidan dituzue irailaren 19an abiatuko diren parte hartze prozesuei buruz Usurbilgo Udalak aurreratu dituen xehetasun nagusiak. "Bi gune bereizi izango ditugun arren, elkarren berri izan eta elkar elikatuko duten prozesuak izatea espero dugu", adierazi zuen Naiara Arri, Elhuyarreko ordezkariak, irailaren 7ko aurkezpenean. Zereginotan esperientzia zabala duen Elhuyarrek dinamizatuko ditu prozesuok.

Bi egitasmoek helburu bera dute; "Kalezar bizigarriagoa izatea". Proiektu osagarritzat jo zituen Agurtzane Solaberrieta alkateak. Emakumeen Etxeari dagokionean, "nahiko genuke eraikin hau, Emakumeen Etxea, Usurbilgo emakumeentzako erreferentziazko gune bat, espazio bat izatea. Emakumeak ahalduntzeko espazio bat, elkar ezagutu, topatu, zaindu, hausnartu, konspiratu, maitatu, eraiki edota burujabetzeko gunea hain zuzen ere". 

Kalezartarrentzako udal ekipamenduari dagokionean, "auzotarrek auzoaren beharrei erantzuteko lokal bat behar dutela helarazi diote udal gobernuari eta Pelaioeneak horretarako aukera ematen du gure ustez", adierazi zuen Oxkar Santamaria zinegotziak. Auzoen Usurbil eraikitzeko erronkaren bueltan kokatzen du egitasmoa udal gobernu taldeak. "Auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugu. Auzo bizigarriak nahi ditugu, ez dugu Kaxkoa eta auzoen arteko desberdintasunak areagotzerik nahi, arrakalarik sortu nahi. Auzoek ere nortasun, ezaugarri, behar, eta errealitate propioak dituzte eta horietan arreta jarri nahi dugu, auzoetako bizi kalitatea hobetzeko asmoz". 

PELAIOENEA ERAIKITZEKO PARTE HARTZE PROZESUAK

AURKEZPENA
Eguna: irailak 19, larunbata.
Ordua: 12:00.
Tokia: Pelaioenea atariko Felix Aizpurua plaza. Euria bada, Sutegin.
Zehaztasunak: Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua, bi egitasmoak parte hartze prozesuak abiatzeko aurkezpen ekitaldia.

OSASUN ETA SEGURTASUN IRIZPIDEENGATIK, AURREZ IZEN EMATEA EZINBESTEKOA
parekidetasuna1@usurbil.eus
943 377 110

BI PARTE HARTZE PROZESU
Emakumeen Etxea
Aurreikusitako bilera kopurua: 5.
Helburua: espazioaren antolaketa, funtzionamendua, kudeaketa... definitzea.
Nori zuzendua: emakume usurbildarrei, mugimendu feministako kideei, herriko elkarteetako partaideei...

Kalezartarrentzako udal ekipamendua
Aurreikusitako bilera kopurua: 3.
Helburua: Kalezarko eta kalezartarren beharrak identifikatu, behar horiek asetzeko espazioak definitu, funtzionamendua eta kudeaketa zehaztea.

Dinamizatzailea: Elhuyar.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

 
Erlazionatuak

"Etorkizuneko Pelaioenea mamiz eraikitzen hastera goaz"

Kalezar

Kanpoko egitura konpondu eta itxura berritu ostean, barneko egitura eraikitzen hasteko ordua heldu zaio Kalezarko Pelaioeneari. Etorkizunean Emakum...