Pelaioenea eraikitzen

Kalezartarren auzo-ekipamenduari lotutako gogoeta saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 3a, 08:02

Covid19-ak eragindako zailtasunek azaroaren 11n egin behar zuten bilera hilabetez atzeratzea erabaki zuen Usurbilgo Udalak, ostegun honetara, abenduaren 3ra. Pelaioenea eraikitzeko abian diren bi parte hartze prozesuetako baten, kalezartarren auzo ekipamenduari lotutako bigarren gogoeta saioa iragarri dute biharko. Hitzorduan parte hartzeko izena aurrez bideratu beharko duzue.

Pelaioenea barnetik eraikitzeko Usurbilgo Udalak antolatu eta Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesuei segida emango zaie hilabete honetan. Gogoan izan, Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako auzo ekipamenduaren egoitza izango da Kalezar erdiguneko plazan kokatua egon eta birgaitu berria den eraikina. 

Bi proiektuei herritar zein eragileekin forma eman nahi die Udalak eta Elhuyarrek. Kalezartarren auzo-ekipamenduari forma emateko bigarren parte hartze saioa iragarria zuten azaroaren 12rako. "COVID19-ak eragindako egoeraren larritasuna kontuan izanda, gaurko bilera egiteak zailtasunak sortzen dizkiela adierazi digute zenbait kalezartarrek. Hala, egoerak ahalbidetuko balu, Gogoeta Guneko 2. saioa abenduaren 3an egitea proposatu diegu", ohartarazi zuen orduan Udalak.

Azaroaren 12ko bilera honenbestez, ostegun honetan, abenduaren 3an egingo da.

Abenduak 3, osteguna
18:00-20:30 Kalezartarren auzo-ekipamenduari lotutako bigarren gogoeta saioa Haur Eskolan.
Gaia: "Auzotarren beharrak asetzeko espazioak".

Parte hartze prozesuotarako izena aurrez eman beharko da bideotatik: 
parekidetasuna1@usurbil.eus
943 377 110

PELAIOENEAKO PARTE HARTZE PROZESUAK
XEHETASUN OROKORRAK
Sustatzailea: Usurbilgo Udala.
Dinamizatzailea: Elhuyar.
Helburu nagusia: Pelaioenean biziko diren Emakumeen Etxearen eta kalezartarren udal ekipamenduaren zehaztasun nagusiak definitzea.
Prozesuotako lanketarako guneak:
-Irailaren 19ko aurkezpenaren antzeko gune zabala, zabaldunderako eta gizarteratzeko. Ekarpenak egin ditzakeen herritar orori irekia.
-Talde eragilea: udal ordezkari politiko eta teknikariek, nahiz Elhuyar Aholkularitzako teknikariek osaturikoa. Parte hartze prozesuon antolaketa lanak bideratuko dituzte.
-Hausnarketarako bi guneak: Emakumeen Etxea eta Kalezarko auzo ekipamendu proiektuak zehazten lagunduko dutenak.
-Bi prozesuen iraupena: irailean hasi eta apirilean amaitu. Apirilerako bi memoria txostenak prest izatea aurreikusten dute.
-Oharra: elkar elikatuko dira bi prozesuak.


EMAKUMEEN ETXEA
Aurreikusitako bilera kopurua: 5.
Bileren maiztasuna: hilero lehen astean.
Prozesuaren helburua: Emakumeen Etxearen zehaztapenekin lotutako alderdiak identifikatu eta lantzea.
Bileren edukia:
1. bilera (urriak 8): prozesurako balio eta printzipioak landu. Etxearen helburuak.
2. bilera (azaroak 5, 18:00-20:30, Artzabalen): etxearen printzipioak eta filosofia. Etxearen erabiltzaileak.
3. bilera (abenduan): etxearen jarduerak eta zerbitzuak. Antolaketa espaziala.
4. bilera (urtarrilean): etxearen kudeaketa-eredua. Etxearen funtzionamendua.
5. bilera (otsailean): aurrera begirako bide-orria.

AUZOTARREN EKIPAMENDUA
Aurreikusitako bilera kopurua: 3.
Bileren maiztasuna: hilero bigarren astean.
Prozesuaren helburua: kalezartarren beharrei erantzungo dien auzo-ekipamendua zehaztea.
Bileren edukia:
1. bilera (urriak 15): auzotarren beharrak identifikatu.
2. bilera (azaroak 12, 18:00-20:30 Haur Eskolan): auzotarren beharrak asetzeko beharrezko espazioak definitu.
3. bilera (abenduan): espazioaren kudeaketa definitu.

Prozesuotan parte hartzeko:
-Aurrez izena eman eta hautatu ze parte hartze prozesuetan esku hartu nahi duzun: 943 377 110 / parekidetasuna1@usurbil.eus
-Bi prozesuok emandakoa usurbil.eus atarian kontsulta daiteke. Esteka honetan: https://www.usurbil.eus/eu/pelaioenea?fbclid=IwAR31snMqEyd1mYubc_5XVdyQNRLRFsOq96WEDhsC_GCHezt4nKDXhdxFeu4