Turismoa

Ibarrola Txiki: "Asteotan jende asko aritu da deika"

Erredakzioa 2021ko mar. 27a, 11:00

Kalezarren ere nekazal turismoaz disfrutatzeko aukera zabala dago. Horien artean, Ibarrola Txiki da ikusgarrienetako bat. Etxe handia bai, baina bezero eskasia bizi du nekazal etxe honek ere pandemiaren ondorioz. 

NOAUA! Nola bizi izan duzue lehen konfinamendu hartatik gaurdainokoa? Nolako eragina izan du pandemiak zuen jardueran?

Ibarrola Txiki: Martxotik udara bitarte horretan ia bezerorik gabe egon ginen. Etxetik atera ezin zen garai horretan. Udaran nahiko ondo egin genuen lan egoera nolakoa zen kontuan hartuta. Irailetik orain arte berriz, langile batzuk izan ditugu eta horiekin nolabait defendatzeko modua izan dugu. Ez dira bertako langileak, eta oraindik ere etxea hartuta daukate. Orduan, asteburu bat hemen egiten dute eta hurrengoa ez. Beraz, ez daukat margen handiegirik jende gehiago hartzeko.

 

IBARROLA TXIKI

"Irailetik langile batzuk izan ditugu, eta horiekin nolabait defendatzeko modua izan dugu"

 

Laguntzarik jaso al duzue urte luze honetan?

Nekatur elkartetik dena nola egin behar dugun oso ondo azaltzen digute momentu oro. Nolako kartelak jarri behar ditugun, bezeroei eskatu beharreko datuak neurriak betetzen direla ziurtatzeko eta abar. Zentzu horretan ez daukagu kexatzeko inolako arrazoirik. Zalantzen aurrean ere, telefonoz deitzeko aukera daukagu. Diru laguntzei dagokienez, pandemiaren hasieran eman zuten diru laguntza hura jaso genuen 3.000 bat eurokoa, eta udaletxeak eman ziguna ere jaso genuen. Eskaera bat egin berri dugu gainera, orain esleituko duten 6.000€ko laguntza jaso ahal izateko. Hori izan da guztia, momentuz gehiagorik ez.

 

Orain herri arteko mugimendua gehiago zabaldu den honetan, Aste Santua gainean dugu. Erreserbei dagokienez, zerbait iragarri duzue?

Etxe osoa nik daramat, eta San Jose zubirako zein Aste Santurako jendea deika ibili da erreserbak egiteko. Arabako jendeak deitu du batez ere data hauetan erreserbak egiteko, familia zuzeneko jendeak, batez ere. Ez dugu inolako arazorik izan orain arte jendeak emandako datuekin, eta printzipioz lagun talderik ez dugu hartu eta familia txikiak baino ez zaizkigu tokatu langileez gain.