Kultur Bira

Surik gabeko Kalezarko San Juanak ere biran datoz

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 17a, 09:38
Pandemia aurreko Kalezarko azken jaietan, 2019ko ekainaren 23an San Juan eskean irten zen gazte taldea.

Iazko etenaldiaren ostean bueltan datoz Kalezarko San Juanak, oraindik osasun krisialdia gainditu ez dugunez, egungo testuingurura egokituta eta aurreko asteburuan abiatu zen Kultur Biraren baitan. Ekitaldietan izen emateko epea zabalik duzue jada, inskripzio gehienak usurbilkultura.eus plataformatik bideratu ahalko dira.

Kultur ekitaldiez hornitu dute aurtengo egitaraua; ez da parranda gaurik izango. San Juanek gainera kokaleku berria izango dute edukiera kontuengatik; plaza nagusiaren ordez, garai bateko mojen konbentuaren, egun adinekoen auzune berria eraikitzen ari diren pareko eremua. Bertan “karpa handi bat jarriko dugu”, berri eman diote NOAUA!ri Jai Batzordetik. Gune hauxe baita, une honetan plazatik hurbilen duten eremu lau zabalena.

2019ra arte ospatzen ziren jaien ildotik, ekitaldiak ospatzeko unean, itxita izango da inguru honetatik igarotzen den bidea, gainerakoan zabalik.

San Juan surik ez
Ahal zen heinean tradizioari eutsi nahi izan dio Jai Batzordeak. Hala, egungo osasun krisialdira egokitutako San Juan bezperako eskea antolatu dute ekainaren 23an. Ohi bezala, bazkalostean irtetekoak dira etxez etxe. Betiko ibilbidea osatu asmo dute, bertsolari eta trikitilariak bidelagun dituztela. Geldialdiak bizilagunekin adostu asmo dituzte aurrez, etxeetara deituta eta eskea etxe atariotara joatea nahi duten galdetuta. Irizpide honen arabera zehaztuko dute ibilbidea. Bisitatzen dituzten etxe atariak, segurtasun neurriak hartuta egingo dute.

Iaz bezala, aurtengoan ere ez da Jai Batzordeak antolaturiko San Juan surik izango, “jendea pilatzeko arriskua” ikusten baitute. Kontuan izan gainera, antolakuntzak gogorarazi moduan, 2019ra arte sua Pikaola inguruan pizten zutela, egun babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen ari diren eremuan. Kalezarko “plaza txikiegia” litzateke Jai Batzordearen esanetan. Aipatu moduan, ondorioz, “Jai Batzorde bezala ez dugu antolatuko”.

Bigarren urtez ez da San Juan surik izango, ezta suziririk ere. Baina San Juan eguneko tradizioei eusteko asmoa agertu dute; meza eta toka txapelketa ere izango da. Kasuotan ez, baina gainerako ia ekitaldi guztietarako sarrerak usurbilkultura.eus ataritik eskuratu beharko dira aurrez. Webgune honetan, Kalezarko San Juanek izango duten atalean klikatuta. Usurbilgo Kultur Birako hitzorduetan bezala kudeatuko dituzte txartelak. Ekitaldi guztiotara joateko ezarriak dauden prebentzio neurriak errespetatu beharko dira.

Etorkizuneko belaunaldientzat
Egitarauari erreparatuta, herriko sortzaileen aldeko apustua egin dute; duela urtebete ezagutu genuen Ameba taldeak kontzertua eskainiko du. Eta Maddi eta Elene herritarrek ere emanaldia.

Aparteko aipamena egitea merezi du baita, San Juanak borobilduko dituen Haurren Egunak. Auzo giroaren etorkizunari begirako egun seinalatua, “beraiek baitira etorkizuna. Haurrak ez baditugu Kalezarko jaietara zaletzen, etorkizunean ez dituzte antolatuko”. Ginkana, lehiakorra izango ez den marrazki tailerra eta Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa programatu ditu aurtengoan guraso taldeak. Auzo giroari bizirik eusten ahaleginduriko belaunaldiari esker antolatu da urteotako Haurren Eguna. “Gure gurasoek egin zuten lanarekin Kalezar berpiztu zuten”, oroitzen du Jai Batzordeak.

Errelebo hasiera
Pandemiak zaildu egin du kale giroari bizirik eustea. “Ez dira urte errazak izaten ari”, Jai Batzordearen esanetan. Iaz konfinamendu orokor hartatik atera berritan heldu ginen ekainera; “ziurgabetasun handia zegoen” eta ekitaldirik ez antolatzea erabaki zuten. Aurtengoan ordea, “iazko Kultur Biraren arrakastak erreferentzia gisa balio izan digu”. Eta horren emaitza dira, Kultur Bira barruan ospatuko dituzten kultur ekitaldiz hornituriko San Juanak.

Festak bizirik mantentzeko erabaki dute kultur ziklo honen aldeko apustua egitea. Xarma propioa duen “Usurbilgo alde zaharrean” auzo giro hori mantentzea “gure esku dago”. Errelebo beharrean dira ordea Jai Batzordean, aurtengo edizioa baliatu asmo dute “belaunaldi aldaketa ematen hasteko”.

San Juanetatik haratago, “saiatuko gara urtean zehar antolatzen eta auzoa egiten”, iragarri dute Jai Batzordetik. Ildo horretan pozgarritzat jotzen dute, etorkizuneko Pelaioenea egitasmoan kalezartarrek izango duten udal ekipamenduaren harira auzo elkartearekin bideratu duten lanketa. “Aitzakia ona izan da, adin ezberdinetako jendea elkartzeko. Ekimenak antolatzeko jendea gogotsu dagoela ikusi ahal izan dugu”.