2023-24 ikasturtea

Ixtear dute Haur Eskolako aurrematrikulazio epea

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 27a, 08:00

Datorren ikasturterako Haur Eskolako aurrematrikulazio epea ostiral honetan, apirilaren 28an itxiko dute.

Ostiral honetan, apirilaren 28an itxiko dute Haur Eskolan, 2023-24 ikasturtera begirako matrikulazio epea. Deialdia, gogoan izan, 0-3 urte artekoei zuzendua dago; bestela esanda, 2021-23 urte artean jaiotakoei.

"Behin ikasturtea hasita, Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza eta ordutegia bermatu", ohartarazi dute Haur Eskolatik.

Matrikulatzeko hitzordua eskatu beharko da aurrez, informazio gehiago ere jaso daitekeen bideotatik hain zuzen:
943 36 12 16 (8:00-15:00 artean)
haureskola@udarregi.eus
Ugarte, 9

Kuotaren bi herenak Udalaren esku
Gogoan izan, doakotasunaren bidean, Usurbilgo Udalak 2023-24 ikasturteko Haur Eskolako kuoten bi herenak bere gain hartuko dituela. Behin-behinean datorren ikasturterako soilik hartutako erabakia da honakoa, Eusko Jaurlaritzak Haur Eskolen doakotasuna iragarri bai baina gaurkoz, Usurbilgoa bezalako udal Haur Eskolentzat finantziazioa handitu ez ostean.

Beraz, gurasoek gainerako herena ordaindu beharko dute. Hala berri eman zuen udal gobernu taldeak iragan astean Sutegin deitu zuen bileran. Gogorarazi zutenez, beste heren hori ordaintzeko etxe bakoitzean dauden diru-sarreren arabera, hobarien sistemara jo daiteke. Hain zuzen, aipatu moduan, etxe bakoitzean dagoen diru-sarreren arabera, %50-90 arteko hobariak eskura daitezke.